«Jendeak oraindik denda txikien gertutasuna eta erraztasuna bilatzen ditu»
Gabonetakoa erosketa garai oparoa da, eta Donostiako saltoki txikiak murgilduta daude hilabete bateko iraupena duen kanpaina garrantzitsuan. Dendetan beste giro bat sumatzen da, gabon argiekin eta erakusleiho apainduekin.
Gabonetako garai bete-betean egonda, Donostiako merkataritza txikian bestelako girorik sumatzen da?
Bai. Gainera, nik uste dut jendeak nabaritzen duela Gabonekin urria aldera hasten garela. Inguruan, gabon usaina nabaritzen da, eta dendetan, batez ere. Udako jantziak, bai arropa bai zapatak, ateratzen dituzte eta beste sasoi batean sartzen dira, Gabonetako kanpainan pentsatuz. Horrek zer esan nahi du? Beraiek hasten direla zer motatako erakusleihoak izango dituzten eta Gabonetako produktu izarrak zeintzuk diren pentsatzen. Urrian ez bada, gure merkatariak irailetik aurrera hasten dira pentsatzen Gabonetan.
Aurtengo kanpainari begira zer aurreikuspen dituzu?
Gure merkatarientzat, Gabonetako kanpaina garrantzitsuena da. Gutxi gorabehera, hilabete bateko iraupena du, baina beraientzat urteko fakturazioaren %25a da, laurden bat. Horregatik, aurreikuspena mantentzea da. Egia da, merkatariak, sasoi berri baten aurrean, beti ezkor samar ibiltzen direla: ea nola doan, eguraldia… Hainbeste faktorek eragiten dutenez, askotan modu negatiboan aurreikusten dute. Aurten, esango nuke, gure inkestei begiratuz, ilusioz daudela eta emaitza onak ateratzeko aurreikuspena dutela.
«Bezeroek oreka bilatzen dugu, zer nahi dugun eta nola egin nahi ditugun erosketak»
Beste faktore garrantzitsu bat saltoki handiak dira, jende ugari biltzen baita Gabonen harira. Denda txikietan ere nabaria da jendetza?
Bai, nabaritzen da. Azkenean, erosketa sasoia da. Bezeroek oreka bilatzen dugu, zer nahi dugun eta nola egin nahi ditugun erosketak. Merkataritza zentro batera joanez gero, aukera zabala izango duzu, leku itxi batean, dena gertu; baina, esperientzia ez da Donostiako auzoetara joatea bezala. Oso desberdina da. Denda txikietara joaten zara, kaleen gabon giroa bizitzen duzu, eta, zentzu horretan, argien argiztapena ere oso garrantzitsua da. Mugimendua ikusten duzu. Batetik, transakzio ekonomikoa egitera joatea dago, hau da, erosketak soilik egitera joatea; eta bestetik, erosketak egitera joatea, esperientzia biziz. Hori da merkataritza txikiak eskaintzen duena. Produktua ezagutzen dutenez, gertutasuna sortzen du bezeroarekiko, etxean bezala sentitzen da, gozamena da.
Gabonetako azokan hainbat postu daude, eta asko dira kanpotik etorritakoak. Zuek sentitzen duzue hiriko saltokiek leku gehiago izan beharko luketela?
Guk honen inguruko jarraipena egin genuen, eta ikusi genuen oinarrietan donostiar batek lehentasuna duela azokan jartzen diren etxola bat alokatzeko. Zentzu horretan, bai, uste dut Donostia Sustapenak ondo egiten duela. Jendea bertatik pasatzen da eta interes puntu bat sortzen du; hortik, Gros aldera joaten da edo zubia pasatu eta Erdialdean sartzen da. Kasu honetan, donostiar saltokien presentzia ez da garrantzitsuena; baizik eta, jendeak egiten duen ibilbidea.
Azken urteotan, denda txiki ugari itxi dira Donostian. Nola ikusten duzu egoera?
Mahai gainean dagoen datu bat da. Kontsumitzeko ohiturak aldatu dira, baina, oraindik ere, jende ugarik gertutasuna eta erraztasuna bilatzen du. Hauxe da saltoki handienek ez dutena, betiko dendekin konparatuz. Azken batean, zure bizilaguna, ingurua, eta nola ez, zure ekonomia babesten ari zara.
«Auzo guztietan daukazu aukera dendara jaisteko eta oinarrizkoena hartzeko»
Auzoei erreparatuz, auzo guztietan dauka donostiar batek erosketak egiteko aukera?
Saltokien dentsitatea oso desberdina da, auzoei dagokionez. Elikaduraren sektorean, adibidez, eguneko jakiak lortzeko ez dago inongo arazorik. Auzo guztietan daukazu aukera dendara jaisteko eta oinarrizkoena hartzeko. Beste produktu jakin batzuen bila ari bazara, agian, ez zaizu hain erraza egingo. Donostiak duen abantaila da, oinez ez bada, garraio publikoa erabiliz, iritsi zaitezkeela beste auzo batera produktu hori erostera.
Zeintzuk dira merkataritza dentsitate handiena biltzen duten auzoak?
Erdialdea eta Parte Zaharra oso garrantzitsuak dira moda saltoki txikientzat. Hor, lehian daude saltoki handiekin. Dentsitate handia dago Erdialdean, eta ez da gertatzen elikaduraren arloan. Hori gehiago izango duzu Amara Berri gisako auzo batean. Amara Berri, era berean, oso garrantzitsua da bere ardatz komertzialekin eta Arcco merkataritza gunearekin. Eskaintza interesgarria du, baita Grosek ere.
Erdialdean eta Grosen erosketa bonuak atera zenituzten. Ekimen hau beste auzoetara zabaltzen duzue?
Bai. Bonuak leku askotatik datoz. Eusko Jaurlaritzak, urtero, bonu kanpaina bat ateratzen du, eta ekonomikoki garrantzitsua da. Hala ere, San Sebastian Shopsetik ateratzen dugu Ekialdeko Barrutirako bonu kanpaina bat, ahaztuta gelditzen diren auzo horientzako: Intxaurrondo, Egia, Bidebieta, Altza… Kontsumorako ezinbesteko laguntza da.
Donostiako Udalak ematen dituen diru laguntzak proportzionalak dira?
Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, San Sebastian Shopsekin du hitzarmena, eta urtero berritzen da. Udalak 250.000 euroko aurrekontua jartzen du; nahiko garrantzitsua da, eta, gainera, leku guztietara heltzen da diru hori. San Sebastian Shopsen barruan Donostiako auzoetako merkataritza elkarte guztiak ditugu, baita San Martin, Bretxa eta Arcco merkataritza guneak ere. Zona guztiak, bai Amara, bai Egia, bai Erdialdea… Zentzu horretan, leku guztietara heltzen da udalak jarritako diru guztia.
Turismoa azken urteotako gai korapilatsua izan da Donostian. Zer eragin du merkataritza sektorean?
San Sebastian Shopsetik, uda hasi baino lehen, turismoaren inguruko inkesta bat egin genuen, eta merkatarien artean zabaldu genuen. Positiboa izan zen. Guk pentsatzen genuen ez zela hain positiboa izango, baina ikusten dute turismoa oso garrantzitsua dela merkataritzarentzat, eta euren saltokientzat ere oso positiboa dela.
Kontsumo arduratsua zaintzen dute Donostiara etortzen diren bisitariek?
Bisitariek hiriko merkataritza txikia baloratzen dute, produktuaren bila doazenean kulturan eta historian interesatzen dira. Donostiak duen irudiak gure sustraiekin eta euskal kulturarekin harreman zuzena du, eta merkatari txikiek ondo transmititzen dute; eta turistek, aldi berean, ondo hartzen dute. Asko interesatzen dira bertako produktuetan.
Nola ikusten duzu hiriko denda txikien etorkizuna?
Pertsonalki, oso baikorra naiz. Jendeak gero eta kontzientzia handiagoa du, gero eta modu arduratsuago batean egiten baititu erosketak. Informazio gehiago daukagu, denda txikiak babesteko nahia handiagoa da. Betiko lokala ixtean, zure bizitzaren parte bat galdu duzula sentitzen duzu, eta uste dut kontzientzia hori asko zabaltzen ari dela. Merkatuko betiko postura bueltatzen ari gara, eta nik uste dut horrek jarraituko duela eta jende gaztea horretara batuko dela.