Kalera atera dute Dbiziko langileen borroka
Dbizi Donostiako bizikleta publikoen zerbitzuko langileak lan baldintza txarrak duintzeko borrokan ari dira, eta euren aldarrikapenak kalera atera dituzte gaurkoan. Hain zuzen ere, Bulebarrean egon dira goizean zehar, herritarrei euren egoeraren eta borrokaren inguruko esku orriak banatzen, LAB sindikatuaren babesarekin.
Pasa den astean Dbiziko langileekin hitz egin zuen IRUTXULOKO HITZAk, euren egoera txarraren eta borrokaren berri emateko. Dbusen mendeko zerbitzua da Dbizi, baina Urbaser enpresa pribatuak kudeatzen du, eta, langileek azaldu zutenez, “sekulako prekaritatean” daude: 1.000 eurotik beherako oinarrizko soldata dute lanaldi osoan, enpresak ez ditu bajak eta oporrak ez ordezkatzen eta, zerbitzua abian jarri zutenetik, langile eta baliabide kopurua ez da aldatu, lan karga nabarmen handitu bada ere.
Horrela, enpresarekin lehenengo bilera egin zuten joan den astean, eta negoziatzeko prest daude langileak. Ordea, arduradunek ez badute behar bezala erantzuten, Dbizikoek argi dute grebara joko dutela.