Neguko jaiak: izan dira, dira eta izango dira
Gabonak baino askoz gehiago dira neguko jaiak: Gau Beltzetik inauterietara, asko dira Euskal Herriko eta Donostiako kaleak alaitzen dituzten jaiak. Nabarmen aldatu dira historian zehar, eta gehiago aldatuko dira. Tradizioa eraldaketa delako.
Jaiak ospatzeko modua zeharo aldatu historian zehar, eta ez gutxitan. Esaterako, egungo santomasak, ziur aski, ez lituzkete ulertuko XX. mendearen erdialdeko donostiarrek, ezta XIX. mendearen erdialdeko donostiarrek XX. mendearen erdialdeko santomasak ere. Eta alderantziz, noski. Hori, hain zuzen ere, jai guztietara estrapolatu daiteke.
Egun ospatzen ditugun jai gehienek izen kristaua dute, nahiz eta zentzu erlijiosoa galdu eta kapitalismoaren zentzu kontsumista irabazi duten kasu askotan. Hala ere, paganoek egiten zuten moduan, oraindik ere, zikloka banatzen dira sarritan Euskal Herriko jaiak, baita Donostiakoak ere, noski. Horrela, historikoki garrantzi nabarmena izan dute gurean neguko jaiek, eta eraldaketak zeharkatu baditu ere, egun ere izaera propioa dute.
Negu bat, hamaika jai
Donostian, Gau Beltzetik inauterietara doazenak dira ospatzen diren neguko jaiak, eta denak nabarmen eraldatu dira.
Halloween estatubatuarraren euskal egokitzapena dirudi Gau Beltzak, baina errealitatea da euskal herritarrek antzina ere ospatzen zutela, hustutako kalabaza eta arbietan kandelak jarriz, hildakoak gidatzeko. Halloweenen eraginari iskin egin gabe, auzo eta herri ugaritan Gau Beltza berreskuratu dute urteotan, eta euskaltzaletasunetik ospatzen dute.
San Tomas eguna da donostiarren jai kutunenetako bat, eta parranda giroa eta txistor jana izaten dira nagusi. Ordea, oso bestelakoa zen XIX. mendean, Gipuzkoako baserritarrak hiriburura etortzen baitziren egun horretan, errentak ordaintzera eta, bide batez, baserriko produktuak salerostera. Oraindik feria deitzen bazaio ere, hirian ikusgai egoten diren animaliek eta abarrek paper folkloriko bat betetzen dute, gehienbat; animalien erakusketari buelta bat eman behar zaiola diotenak ez dira gutxi, bidenabar.
Berehala datoz Gabonak, Olentzero eta Mari Domingirekin eta Errege Magoekin. Ordea, kristautasunak dena jan aurretik, neguko solstizioarekin loturiko jai paganoak ospatzen ziren abenduaren 25aren bueltan, besteak beste, Erromatar Inperio politeistan.
Olentzerori dagokionez, XVII. mendekoak dira lehenengo aipamenak, Gabon gauaren izenari erreferentzia eginez. Erritu paganoekin zein kristauekin lotuta, pertsonaia izaera hartu zuen, baina ez beti ona, umeak beldurtzeko erabili izan baita hainbat herritan, opariak ekartzen dituen ikazkin jatorra izan aurretik. Mari Domingiren sorrera, bestalde, berriagoa da, 1990eko hamarkadakoa (ikus 6-9 orrialdeak). Era berean, Errege Magoak ere ez dira beti hala irudikatu. San Mateoren ebanjelioan, hain zuzen, jaio berri zen juduen erregea gurtzera ekialdetik etorritako mago batzuez hitz egiten da, baina ez da aipatzen ez erregeak direnik ezta hiru direnik ere. Kristautasunak gerora eman zien forma eta izena, eta, Olentzero eta Mari Domingiren moduan, horiek ere kontsumismo kapitalistak irentsi zituen.
Azkenik, sansebastianak, kaldereroak eta inude eta artzainak inauteriei erabat lotuta egon izan dira historian zehar, eta eraldaketa nabarmena izan dute denek. Sansebastianetako danborradak militarrei iseka egiteko sortu ziren, eta ez, inondik inora, egungo jaiak hein handi batean duen solemnitatearekin. Kaldereroak eta inude eta artzainak, laburki azalduta, inauterietako konpartsen barruan zeuden, beste askoren moduan, lanbide jakin batzuk omentzeko. Eta, egungo inauteriak ere ez dira duela mende batzuen modukoak; inork gutxi hitz egingo luke Donostiako inauterien «frenesiaz» orain, Jose Francisco de Isla jesuitak 1748an egin zuen moduan.
Ezinbesteko eraldaketa
Erritu paganoak, sinesmen kristauak edo joera kontsumistak direla edo ez direla, neguko jai horiek guztiek biziraun dute Donostian mendeetan zehar, eta, hala izan bada, eraldatu direlako izan da. Izan ere, batzuek diotenaren gainetik, tradizioak eraldaketa behar du: «Tradizioa tradizio izateko, aldatu egin behar da. Tradizioak mantendu badira izan da gizarteak ahalbidetu duelako eta aldaketaren bat barneratu dutelako», azaldu zuen Aitzpea Leizaola antropologoak hedabide honetan otsailean argitaratutako erreportaje batean.
Tradizioak ez ezik, donostiarron ospea ere eraldatu da historian zehar, inork gutxi esango bailuke egun «Festarik bear bada/bego Donostiya,/betiko du fama/ondo merezia:/bestetan ez bezela/emen gazteria/amaren sabeletik/dator ikasia», XIX. mendeko abesti ezagunak zioen moduan.
Hala ere, ezer ez da betirako. Egungo tradizioek eta hiriak berak eraldatzen jarraituko dute, eta, neguan zein udan, loratuko dira tradizio, jai, erritu eta ohitura berriak. «Jaietan irudikatzen da zer izan nahi dugun», zioen Leizaolak aipaturiko erreportajean; jaietara adi egotea komeni, beraz