San Sebastian eguneko bandera igoeran 'Sarri, sarri' joko dute danborradek, Fermin Muguruzarekin elkartasunez
Martuteneko kartzelan 'Sarri sarri' debekatzearen ondorioz hartu du udalak erabakia, eta alkateak gogora ekarri du Muguruza izango dela Anoeta estadioa betetzen duen lehenengo euskalduna.
Eneko Goia alkateak jakinarazi duenez, aurtengo San Sebastian egunean kanta berri bat izango da errepertorioan, Kortatu taldearen Sarri, sarri, hain zuzen. Martuteneko kartzelan Fermin Muguruzaren kantu ezagunak izandako debekuari erantzuteko modu bat da hau, Goiaren hitzetan.
Alkateak azaldu duenez, “adierazpen askatasuna defendatzeko helburuz” abiatu du dinamika: “Zer zentzu du kalean legezkoa den abesti bat legez kanpokoa izatea kartzelan? Ez al lituzkete presoek eskubide berberak izan behar?”. Goiak, gainera, onartu du kanta hau jada “herrikoia” dela eta, Patxi Lopezek aitortu zuen gisan, berak ere dantzatu duela “hamaika herritako jaietan”.
“Hiri honek asko zor dio Muguruzari”, esan du Goiak. Oroitu duenez, Muguruza izango da datorren ekainaren 14an Anoeta estadioa beteko duen lehenengo euskalduna. “Bruce Springsteen gipuzkoarrak halako omenaldi bat merezi zuen”, gaineratu du.
Edonola ere, ez da izango kantua San Sebastian egunean baimendutako errepertorioari gehitzen zaion lehen aldia. Iaz, Antiguako Xexene danborradak Orkresta elektrotxarangarekin topo egitean izan zen ere fusioa. Hori bai, aurten, lehenengo aldia izango da danborrada baztertzaileek ere bat egingo dutena, eta haiek ere elkartasun keinua egitera animatuko dira.
Hedabide honek Fermin Muguruzarekin hitz egiteko aukera izan du eta “pozik” azaldu da irundarra. Honela azaldu du: “Bilbori hainbat kantu egin arren, Donostiarekin harreman handia izan dut betidanik. Beiruten bizi izan nintzenean, San Sebastian eguna bertan ospatzeko aukera izan nuen donostiar batzuekin. Lehenago, gainera, hainbat donostiar ezagutu izan ditut Mexikon, Chiapasen EZLNrekin egin genuen egonaldian, baita Guatemalan, Uruguain, Txilen, Berlinen, Polonian, Hegoafrikan, Kurdistanen eta Moskun ere. Azken finean, asko dira euren hiritik kanpo bizi diren donostiarrak espekulazio basatiaren eta turistifikazioaren ondorioz”.