Larratxoko igogailu bat itxita egongo da hiru astez, lanak direla eta
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, urtarrilaren 7an hasiko dira Larratxo eta Bertsolari Txirrita kalea lotzen dituen igogailuaren pasabideetako zoladura berritzeko lanak. Lanek hiru asteko iraupena izango dutela aurreikusten du udalak, eta, beraz, denbora tarte horretan itxita egongo da igogailua.
Egungo zoladura guztia kenduko dute, ondoren 61 metro koadroko eremu guztia garbitzeko. Behin dena prest edukita, errefortzu metalikoak jarriko dituzte, eta ondoren WPC zoladura teknologiko grisa jarriko dute, Bertsolari Txirrita kaleko igogailuan 2023ko abuztuan egin zuten moduan. 21.500 euroko inbertsioa egingo du udalak horretarako (BEZ barne).