«Gizartearen sentsibilizazioa eta Caritasen lana ikusgarri egiten du opil solidarioen ekitaldiak»
Hilaren 5ean, 10:00etatik aurrera, 1.500 opil solidario banatuko ditu Caritasek Gipuzkoa Plazan. Bildutako diru guztia seme-alabak dituzten familiei zuzendutako etxebizitza-programak finantzatzeko erabiliko dute.
Seigarren urtez salduko duzue errege opila hilaren 5ean, Gipuzkoa plazan. Nola eboluzionatu du ekitaldi honek hasi zinetenetik hona?
Ekimen xume baten moduan hasi zen, eta garai hartan, guk erosten genituen opil solidarioak. Gutxinaka hasi ginen. Aurtengoa seigarren edizioa da, eta dagoeneko hamabost artisau-gozogilek hartzen dute parte gurekin. 1.500 zati partekatzen ditugu; beraz, eboluzioa polita izan da. Alde batetik, gizarteak gero eta gehiago ezagutzen du ekitaldi hau gaur egun, eta bestalde, gozogileen eta enpresen inplikazioa nabarmenduko nituzke, atzetik bidelagun ditugunak.
Nola sortu zen opilak banatzeko ideia hau?
Gure ondoko lehengusuek, Bizkaiko Caritasekoek, hamaika urte daramatzate egiten, eta Gipuzkoan berdina egitea pentsatu genuen. Horrela sortu zen, egia esan, ez ginen batere sortzaileak izan [barrez].
1.500 zati salduko dituzue. Zertara bideratuko duzue aurten bildutako dirua?
Urte guztian ari gara kolektibo desberdinek etxebizitzarekin dauzkaten zailtasunen inguruko lanketa egiten. Gabonetan, hain zuzen ere, familia eta etxebizitzarekin dagoen arazoaren inguruko sentsibilizazioa egiten ari gara. Beraz, opil solidario honetan ateratzen den dirua guk daukagun programa batera bideratuko dugu. Zubiak izena du, eta programa horrek hemeretzi etxebizitza kudeatzen ditu, egoera zaurgarrian dauden familien bizitzak berreraikitzeko prozesu horretan bizitzeko toki bat izan dezaten.
Nola funtzionatzen du ‘Zubiak’ proiektuak?
Esan bezala, hemeretzi etxebizitza dauzkagu Gipuzkoan banatuta, eta beharrean dauden familiak gugana etortzen direnean, etxe horiek eskaintzen dizkiegu. Pentsa dezakezu ez diogula zati txiki bati ere erantzuten, gaur egun etxebizitzarekin dagoen arazoa kontuan hartuta. Baina guregana etortzen direnei, printzipioz, urtebeteko aukera ematen zaie gure etxe horietan egon daitezen, eta bitartean beraiek izapideak egiten dituzte eta lan munduan barneratzen joaten dira. Inklusio horretan aurrera egin artean, eta beraiek beste bizitoki bat aurkitu bitartean, gurekin egoten dira. Batzuetan, urtebeteko epe horretan ateratzen dira, eta beste batzuetan, luzatu egiten da. Norbait ateratzen denean, beste bati ematen zaio etxe horretan bizitzako aukera. Etxe horietan hainbat hezitzaile egoten dira, eta beraiekin egiten dute prozesu guztia.
Ekimenak gero eta urte gehiago betetzen dituen heinean, gizartea ere inplikatuago al dago?
Bai, gurekin elkarlanean aritzen dira Gozoa artisau-gozogileen elkartekoak eta dohainik ematen dizkigute errege opilak. Horrez gain, Eroskik zukuak ematen dizkigu, Panchitok katiluak… bakoitzak bere esparruan kolaboratzen du. Horiez gain, Rural kutxa eta Gureak ere bidelagun ditugu. Eta nola ez, eta guretzat oso garrantzitsua dena, gure boluntarioen lana da. Caritaseko boluntariorik gabe, ekitaldi hau eta beste edozein ez litzateke posible izango. Beraz, oso eskertuta gaude haiekin ere.
Ekitaldi arrakastatsua izaten al da?
Bai, arrakastatsua izaten da. Eta nahiz eta eguraldi txarra egon, batzuetan jendea txintxo-txintxo joaten da Gipuzkoa plazara. 10:00etan hasten gara, eta 12:00ak alderako dena bukatzen zaigu. Behin edo behin pentsatu izan dugu opil gehiago banatzea, baina ez dugu gehiagotze prozesu horretan sartu nahi, ez dakigulako nola aterako litzatekeen. Azken finean, keinu bat edo sinbologia bat da, eta gizartearen sentsibilizazioa eta Caritasen lana ikusgarri egiten du. Beraz, 1.500 anoa horiek amaitzen direnean, guk ere ekitaldia bukatu egiten dugu. Aurten, igandea izanik, ekitaldian bertan abesbatza bat, otxote bat eta dantzari talde bat izango dira, besteak beste, ekitaldia alaitzeko.