«Osatuta nago, eta Munduko Txapelketa irabazi nahi dut orain»
Lucas Egibar lehiatzen ari da berriro, bederatzi hilabetez min hartuta egon eta gero. Itzulera gozoa izan du, zazpigarren izan baita lehen proban, Munduko Kopan.
Lucas Egibarrek (Donostia, 1994) zerbait eskatu badio urte berriari, osasuna eskatu dio. Iaz, oso gutxi lehiatu zen, ezker oineko orpazurdan lesio larria izan baitzuen martxoan, eta denbora luzez egon zen probarik jokatu ezinik. Baina jada osatuta dago, eta «motibazioz gainezka» ekin dio denboraldiari.
Abenduaren erdialdean, Munduko Kopako lehen proba jokatu zenuen, Cervinian (Italia). Zer moduz, bederatzi hilabetez lehiatu gabe egon eta gero?
Oso ondo sumatu nuen neure burua. Hara joan aurreko bi asteetan, oso ondo ibili nintzen entrenamenduetan; esaterako, zortzi edo bederatzi entrenamendu bikain atera zitzaizkidan. Zer gertatua zitzaidan ikusita eta entrenatzen hain denbora gutxi eramanda, sentipenak ezin hobeak dira.
Lesio larri bat sendatu berritan, zazpigarren izatea lortu zenuen. Zur eta lur utzi dituzu denak.
Bai, eta konturatu nintzen gero eta hobeto ari nintzela. Pista nahiko motza zen, eta arrisku handia zegoen hutsegite txikienarekin kanpoan geratzeko. Finalerdietan ez nuen guztiz asmatu. Hartu behar ez nuen aldea hartu, eta, ondoren, bihurgunea ere ez nuen ondo hartu. Aukera guztiak galdu nituen hor. Behar nuen abiadura izan nuen, eta oinak ere ondo eutsi zion. Asko entrenatu naiz, eta banekien lehen proban jada aurrean ibiltzeko moduan nengoela.
Esperotako sasoian iritsi zinen?
Bai. Austrian egin nituen azken entrenamenduak bikainak izan ziren, eta banekien onenekin lehian ibiliko nintzela. Oraindik ere eragozpen batzuk baditut, eta ez nago bete-betean. Ondo zaudenean, ez duzu ezertan pentsatu beharrik, baina, nik, oraindik, orkatilan eta orpazurdan ditudan arazoetan pentsatu behar izaten dut. Entrenatzeko garaian ere kontu handiarekin ibili behar dut.
Elkarrizketa hau ‘Berria’-tik hartu dugu CC lizentziei esker. Irakurtzen jarraitu nahi izanez gero, hona hemen osorik.