Antiguako jaietako krosa berreskuratuko dute
Hilaren 17an hasiko dira jaiak, eta kontzertuak ere iragarri ditu dagoeneko jai batzordeak.
Urte berriaren hasierarekin, ate joka daude sansebastianak eta, horrekin batera, Antiguako jaiak, noski. Hain zuzen ere, hilaren 17tik aurrera murgilduko da auzoa jai giroan, eta dagoeneko iragarri dute berritasun bat: Antiguako herri krosa berreskuratuko dute.
Hainbat urte zeramatzaten krosik antolatu gabe, baina Jaia bai! Korrika ere bai! lelopean, egitasmoa berreskuratzea erabaki dute aurten, dena ez delako parranda izango. Horrela, hilaren 19an izango da herri lasterketa, 12:30ean, Bentaberriko plazatik abiatuta. Izen emateak 7 euroko prezioa dauka, eta hemen egin daiteke.
Kontzertuak eta beste
Berritasunetatik harago, jai batzordeak beste iragarpen batzuk ere egin ditu dagoeneko, hala nola, kontzertuenak: hilaren 17an, Cold Noize, Zeba eta Albabarruna DJ-a arituko dira; 18an, Les Testadures, Skabidean eta Aiakate DJ-a; 24an, The Dogs, Armarri eta Agur eta, 25ean, Muxutruk erromeria eta Vaquillak Zerek DJ-a.
Bestalde, abian da pala eskoletako emakumeen pala txapelketa, jaietako brigada feministako txandak zehazteko bilerara deitu dute hilaren 8rako (Antiguotarrak elkartean, 18:30ean) eta bazkarirako txartelak ostiralean (hilak 10) banatuko dituzte Antiguotarrak elkartean, 18:00etatik aurrera, eta kuadrilla bakoitzak beteko dituen ardurak ere banatuko dituzte.