Eguzkik udalari eskatu dio Urumea «zabortegi» gisa erabiltzeagatik 2022an ezarritako salaketa zertan den azaldu dezala
Donostiako Udalak salaketa bat jarri zion gizon bati 2022an, ustez Urumean hondakinak pixkanaka baina etengabe botatzeagatik. “Ingurumenaren aurkako delituagatik, Justiziak irmo jokatuko duela espero dut”, adierazi zuen Marisol Garmendiak, une hartan Donostiako Ekologia zinegotzia zenak. Ordea, Eguzkik salatu duenez, udalak pertsona haren aurka jarritako salaketa zertan gelditu zen edo zertan den ez dakite. Horregatik, honako informazioa eskatu dute: salaketaren egoera azaltzea, epaiketa egin bada emaitza jakinaraztea eta epailearen zigorrik bada, zein zigor den azaltzea.
Urumean zaborrek sortzen duten kezka ez da berria. Duela hiru urte, Eguzkik salatu zuen Urumean, Maria Kristina eta Mundaizko zubien artean, hondakin asko zeudela pilatuta: somierrak, komunak, bizikletak, garbigailuak, etab. Guztira, zazpi tona hondakin baino gehiago zeuden. “Salaketak hedabideetan lortu zuen oihartzun handiari esker, udalak neurriak hartu behar izan zituen, nahiz eta hasieran erantzukizuna nola edo hala saihesten saiatu zen. Izan ere, lehendabizi argudiatu zuen uholdeek eragindako hondakin pilaketa zela; gero, berriz, garbiketaren ardura Urarena edo Kosta Zerbitzuarena zela. Baina, esan bezala, azkenean, talde bat bidali zuen hondakinak kentzera, hori bai, hiru hilabete geroago. Talde hark zortzi lan egun behar izan zituen hondakin pila hura erriotik ateratzeko”, gogorarazi du talde ekologistak ohar baten bidez.
Ordea, kontua ez zen orduan amaitu; izan ere, 2023ko apirilean, Udaltzaingoak ezagutarazi zuen gizon bat atxilotu zuela, Urumean hondakinak pixkanaka baina etengabe botata, zabor pilaketa haren eragilea zelakoan. Bada, hain zuzen ere, pertsona horren kontra jarritako salaketa zertan den jakin nahi du orain Eguzkik.
Hala ere, aitortu dute “pozik” daudela horrelako isurketak ez direlako berriro gertatu, “eremu horretan behintzat”. “Baina, aldi berean, jarraitzen dugu aldarrikatzen udalek baliabideak jarri behar dituztela beraien udalerriak zeharkatzen dituzten erreka eta ibaiak, tarteka, garbitzeko, besteak beste, hondakinak itsasora irits daitezen saihesteko”, nabarmendu dute.