Porrot bikoitzarekin amaitu dute asteburua Txuri Urdineko mutilek
Jardunaldi bikoitza jokatu dute Txuri Urdineko mutilek asteburuan, eta porrot bikoitza jaso dute. Porto talde portugaldarraren aurka jokatu zituzten bi partidak, larunbatean etxeko talde gisa eta igandean bisitari gisa, eta ez ziren gai izan aurkaria garaitzeko: 2-3 galdu zuten lehenengoa eta 5-1 bigarrena. Ligako bosgarren postuan dago orain talde donostiarra.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek zulotik atera ezinik jarraitzen du, beste porrot bat eskuratu baitu asteburuan: 74-50 galdu zuen Araskiren etxean larunbatean. Horrela, ligako azken-hirugarrena da talde donostiarra, bigarren mailara jaisteko arrisku handiarekin. Bestalde, Gipuzkoa Basket ere porrot batekin itzuli zen larunbatean Asturiastik, Oviedoren etxean 87-73 galduta; ligako hamargarrenak dira donostiarrak.
Azkenik, futbolean, porrot gogorra jaso zuten Realeko neskek etxean igandean, Bartzelona handiaren aurka 0-6 galduta; ligako bosgarren postuan daude txuri-urdinak. Bestalde, asteburuko albiste on bakarra Realeko mutilen eskutik heldu da, espero zen moduan, Ponferradina hirugarren mailako taldeari 0-2 irabazi baitzion Imanol Alguacilen taldeak igandean, kopako final-zortzirenetarako sailkapena eskuratuz.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen iberiar liga, 14. eta 15. jardunaldiak
- Txuri Urdin 2 – Porto 3
- Porto 5 – Txuri Urdin 1
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 15. jardunaldia
- Araski 74 – Ibaeta Basket 50
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 15. jardunaldia
- Oviedo 87 – Gipuzkoa Basket 73
Futbola
Emakumezkoen liga, 16. jardunaldia
- Reala 0 – Bartzelona 6
Espainiako Kopa, final-hamaseirenak
- Ponferradina 0 – Reala 2