Barakaldoko erailketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute
Urtarrilaren 3an Barakaldon izandako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Bulebarrean, Euskal Herriko Mundu Martxak antolatuta. 2025eko lehen erailketa matxista izan da, eta mugimendu feministak elkartasuna adierazi die emakumearen senideei eta lagunei.
Hilaren 3an, arratsaldean, gizon bat atxilotu zuten Barakaldon, 84 urteko ama hil zuela egotzita. “Emakumeak soilik emakume izateagatik erailtzen gaituzte eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazko mekanismoak behar ditugu hemen eta orain. Egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu”, adierazi zuen Euskal Herriko Mundu Martxak.
2024. urtea Euskal Herrian sei erailketa matxistarekin amaitu zen, eta urte berria bide beretik hasi dela ikusita, mugimendu feministak “nazkatuta eta haserre” daudela adierazi du. Nabarmendu dutenez, “jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakari bat gehiago” da hau. “Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla. Baina, indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu; indarkeria matxista da emakumeon* diru iturriak kontrolatzea, indarkeria matxista da kaletik begiradarekin akosatzea, indarkeria matxista da eraso bat salatzen dugun dugun bakoitzeko gure hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista da gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea eta hartu beharreko ardurei entzungor egitea, eta indarkeria matxista dira egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabe bat, zoritxarrez”, deitoratu zuten.
Hori dela eta, egungo “jarrera konplizeak” alboratzeko eta jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko “benetako neurriak” har daitezela exijitu zuten. Azkenik, Barakaldon nahiz Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburutan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin zuten.