Hontza liburu denda itxiko dute
Donostiako beste saltoki historiko batek agur esango du laster: Okendo kaleko Hontza liburu dendak. Lokala salgai zegoela jakin zen atzo (1,4 milioi euroan), eta saltokiaren itxiera baieztatu du gaur Ramon Tatiegi arduradunak, El Diario Vasco egunkariari egindako adierazpenetan, baita azaldu ere “belaunaldi errelebo faltagatik” hartu dutela erabakia. Lokalak erosle bat daukanean itxiko dute atea, behin betiko.
Denda oso maitatua da Hontza donostiar askorentzat, egindako ibilbide luzearengatik eta beti eskaini izan duen liburu eskaintza eta arreta zainduarengatik. Hain zuzen ere, euskararekin konpromiso argia dute, euskal literaturari garrantzia ematen baitiote.
40 urtetik gora
Hontza liburu denda 1982an ireki zuten eta, 40 urtetik gorako ibilbidea eginda, hiriko erreferentziazko liburu dendetako bat da, Donostiako azken liburu denda independenteetako bat. Besteak beste, botanikan, arkitekturan, artean, diseinuan, gastronomian, euskaran, bidaietan, narratiban eta zineman dago espezializatuta, baina beste hainbat arlotako lanak ere aurkitu daitezke bertan.
Horrela, bezeroek dendaren azken txanpa hau aprobetxatu beharko dute bertan azken erosketak egiteko; IRUTXULOKO HITZAren komunitatearen parte da Hontza, eta, hain zuzen ere, Hitzakideek %5eko deskontua dute bertan.