Ostiralean hasiko da Zinema eta Zientzia zikloa, Tabakaleran
Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioa egingo dute urtarrila eta martxoa bitartean. Edizio berri honek denboraren kontzeptuan sakontzea proposatzen du. Helburu horrekin, hamabi film proiektatuko dituzte Donostian (Tabakaleran), Gasteizen (Artium Museoa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Select zinema). Horrez gain, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak antolatutako proposamen honetan, publikoak aukera izango du nazioarteko ospea duten hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko, hainbat gairi buruz: zulo beltzak, denboran zeharreko bidaiak, multibertsoa eta bizitza modu artifizialean sortzea, besteak beste.
Zikloak, lehenbiziko ediziotik, kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea hartu zuen helburutzat. Aurten, Donostian, honako programazioa izango du:
Urtarrilaren 10ean, The Theory of Everything –La teoría del todo– filmarekin (James Marsh, 2014) hasiko dira. Film horretan, ibilaldi bat egiten da Stephen W. Hawking fisikari, astrofisikari, kosmologo eta dibulgatzailearen bizitzaren parte batean zehar.
Klasikoen artean honako hauek nabarmentzen dira aurten: The Time Machine –Denboraren makina– (George Pal, 1960), H.G. Wellsen eleberrian oinarritua, zeinak denboran zeharreko bidaiaren kontzeptua gizarteratu baitzuen; saio bikoitz batean, Frankenstein –El doctor Frankenstein– eta The Bride of Frankenstein –La novia de Frankenstein– (James Whale, 1931, 1935), zientzialari batek gorputz bizigabe batzuei bizia emateko duen erronkaren harian; eta The Thing –Gauza– (John Carpenter, 1982), beldurrezko klasiko modernoa, zientzialari batzuek eta izaki estralurtar batek Antartikan duten borrokaren inguruan.
Film berriagoak ere programatuko dira, hala nola, hauek: High Life (Claire Denis, 2018), Donostia Zinemaldian lehiatua eta zulo beltzen, ugalketa esperimentuen edo espazioko bizitzaren gaiak aztertzen dituena, besteak beste; Everything Everywhere all at once –Dena batera leku guztietan– (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert, 2022), multibertsoan barneratzeko gonbite bat; eta Le Théorème de Marguerite –El teorema de Marguerite– (Anna Novion, 2023), doktore tesiko azken urtean dagoen emakume matematikari baten erretratua (Emakumeak Zientzian ekimenaren testuinguruan).
Hemen ikus daiteke programa osorik.
Sarrerak online erosi ahalko dira, eta baita Tabakaleran ere. Txartelek 3,50 eta 6 euro bitartean balioko dute (deskontuak sartu gabe).