Rayo Vallecano izango da Realaren aurkaria kopako final-zortzirenetan
Espainiako Kopako final-zortzirenetako partiden zozketa egin dute asteazken eguerdian Madrilen, eta Realari Rayo Vallecano talde madrildarra egokitu zaio aurkari gisa. Kanporaketa partida bakarrera jokatuko da, Anoetan, hilaren 14tik 16ra.
Realak ligako hurrengo partida astelehenean jokatuko duenez (hilak 13), ziurrenik, ostegunean jokatuko da kopako neurketa; hilaren 16an, alegia. Hala ere, Rayok larunbatean (hilak 18) dauka aurreikusita Osasunaren aurkako ligako norgehiagoka jokatzea, beraz, kopakoa ostegunean jokatzeko, atzeratu egin beharko litzateke ligakoa madrildarrentzat.
Orain arte, Jove Español, Conquense eta Ponferradina garaitu dituzte txuri-urdinek kopan, denak kategoria baxuagoetakoak. Rayo Vallecanori dagokionez, Villamuriel, Unionistas eta Racing Ferrol garaitu ditu aurreko kanporaketetan, horiek ere lehenengo mailatik beherakoak.
Final zortzirenetako beste zazpi partidak hauek izango dira: Elx-Atletico Madril, Bartzelona-Betis, Ourense-Valentzia, Real Madril-Celta, Almeria-Leganes, Pontevedra-Getafe eta Athletic-Osasuna.