Aita Mari eta Arrantza Eskola omendu dituzte kaian
Urteroko legez, bi urteurren ospatu dituzte Donostiako kaian. Alde batetik, 159 urte pasatu dira Jose Maria Zubia —Aita Mari— arrantzalea hil zenetik, eta bestalde, 113 urte bete dira Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak estatuko lehen Arrantza Eskola sortu zuenetik.
Omenaldi xumea izan da gaurkoa, eta bertan izan dira Aquariumeko lehendakari Jose Ignacio Espel, Esther Irigarai Aquariumeko zuzendaria, Aitor Butron Euskal Itsas Museoko Hezkuntza arduraduna, Pio Agirre Donostiako Klub Nautikoko presidentea eta Eneko Goia alkatea. Elkarrekin lore sorta bana jarri dute Aita Mariren bustoan eta San Pedro elizan.
Aita Mari, itsasgizon ausarta
Zumaiako arrantzale familia xume batean jaio bazen ere, bai Donostian eta baita euskal kostaldean zehar ere famatu bihurtu zen bere patroi lanetan inongo interesik gabe ekaitzen ondorioz arriskuan zeuden arrantzaleei laguntzeagatik. “Bere itsasontzia beti prest azaltzen zen itsasoan galdutako arrantza ontziak laguntzeko orduan, 1861ko uztailaren 22an gertatu zen bezala. Gipuzkoako kostaldean bat-batean sortutako galerna handi baten eraginez, Aita Mari txalupan patroi lanetan ari zelarik, erreskate lanetara atera ziren beste txalupa bateko hiru tripulante erreskatatzera. Ekintza honen ondorioz Itsas Benefizentziaren Gurutze Handiaren jabe izan ziren”, azaldu du Aquariumak ohar batean.
1866ko urtarrilaren 9an, beste ekaitz bortitz bat izan zen, eta Zubia, bere txalupa harturik, Donostiako kaitik abiatu zen, badiara sartu nahi zuen Getariako arratza ontzi bati laguntzeko asmoz. Bere txalupan beste ontzian galdutako gizonak erreskatatzea lortu zuenean, itsas kolpe batek eraman zuen eta betirako desagertu zen. Kostaldean hainbat pertsona zeuden erreskate lanak ikusten eta Aita Mariren heriotza zuzenean ikusi zuten.
Aita Mariren balentria eta bere zorigaiztoko heriotzak hunkimen handia sortarazi zuen Donostian eta Gipuzkoako kostaldean, eta donostiarrek bere omenez busto bat ipini zuten kaian.
Arrantza Eskola, 1912tik
1912ko urtarrilaren 9an Arrantza Eskola inauguratu zuten Donostiako kaian dagoen Itsastarren San Pedro elizako Eskola aretoan. Inauguraziora 15 eta 33 urte arteko 38 arrantzale bertaratu ziren, eta lehendabiziko ikasgaia jaso zuten, euskaraz eta gaztelaniaz, Matxitxako eta Capbreton arteko itsasargi eta portuko argiei buruz. Marrazkia eta kaligrafia, lurrunaren mekanika eta metereologia ziren ikasgai batzuk, eta gerora, irakurtzeko, idazteko eta matematikako lau eragiketak jakiteko oinarrizkoak batu zitzaizkien, arrantzale askok ez baitzekizkiten. Urte bukaeran 70 ikasle zeuden. Eskolak doakoak ziren, gastuak GOEk ordaintzen zituelako.
“Eraginkorrago izateko, elkartea lau sailetan banatu zen, haietako bat Metereologia eta soziologia ozeanografikoa zela. Azken termino honek itsasoaz bizi zen jendearen ikerketak zituen gogoan, eta haien bizi baldintzak, ekonomikoak ez ezik sozialak, kulturalak eta moralak ere hobetzeko asmoz jarduten zuen. Apaizak izaten ziren, hurbilago egoten zirelako, hobekien ezagutzen zituztenak eta beraz, emaitza hobeak lortzen zituztenak. On Jose Zendoia zumaiarra gailendu zen lan hartan. Kaiko parrokoa zenez, elizako aretoak eskolarako utzi zituen. Bera ere arrantzale familiakoa, beste marinel batzuek salbatzeko ahaleginean bizia galdu zuen Mari ospetsuaren iloba”, azaldu du Aquariumak ohar horretan.
Aurten, Aquariumak oroitu nahi izan du Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak sortutako arrantza eskolak historian zehar patroi, tripulante eta familiei eskainitako laguntza ekonomikoa, ondoratutako itsasontziak zirela eta. “1912ko otsailaren 10ean, Donostiako San Jose txalupa ekaitz bortitz baten ondorioz ondoratu egin zen kostaldetik 40 miletara. Bertako patroia zen Anselmo Carril eta tripulanteak Hondarribiko Goizeko Izarra txalupak eta Pasaiako Sagrada Familia txalupak berreskuratu zituzten. Ondoren, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak Madrilekin gestioak egin zituen, laguntzera joan ziren txalupen tripulazio eta patroientzat laguntzak eskatzeko, beraien bizitza arriskuan jarri baitzuten. Petizioa egin ondoren, txalupen patroi izan ziren Tomas Indari eta Leon Iriazabali brontzezko medaila eman zitzaien eta tripulazioko kideei diruz (bost pezeta bakoitzari) ordaindu zitzaien”, nabarmendu du.