Jose Ramon Mendizabalek ez du bandera igoera zuzenduko aurten, osasun arrazoiengatik
Jose Ramon Mendizabalek, Gaztelubide elkarteko danbor nagusiak, ez du aurtengo San Sebastian eguneko bandera igoera zuzenduko, osasun arrazoiak direla eta. Bere ordez, Gonzalo Aldanondo arituko da zuzendari lanetan, elkarteko zuzendaritza batzordeak horrela aukeratu ostean.
El Diario Vasco egunkariak jakinarazi duenez, aste honen hasieran Mendizabalek ustekabeko baja “atsekabez” jakinarazi zien elkarteko bazkideei, mezu baten bidez. Hamabost urtez izan da danbor nagusi; Juan Mari Abadi testigua hartu zionetik, hain zuzen ere. Aipaturiko hedabideak azaldu duenez, honako mezua bidali die Mendizabalek bere elkarteko kideei: “Espero dut dena ondo ateratzea eta beti bezala gozatzea”. Horrez gain, adierazi zien azken unera arte itxaron duela erabakia hartzeko, baina hala ere, ez zatekeela “baldintza egokietan egongo horrelako erantzukizuna lau orduz jasateko moduan”.
Gaztelubide 1934an hasi zen San Sebastian eguneko bandera igoera zuzentzen, elkartea sortu zenetik, hain justu.