Reala «haserre» agertu da datozen egunetan jokatu beharreko partiden ordutegiengatik
Azken orduetan, Espainiako Futbol Ligako eta Kopako partiden ordutegiak kritikatu dituzte Realeko zale ugarik. Izan ere, tarte laburrean neurketa asko jokatu beharko ditu talde txuri-urdinak. Horren aurrean, klubak ere adierazpen bat kaleratu du. “Haserre” agertu dira datozen hamar egunetan jokatuko beharko dituzten partiden ordutegiengatik. Batez ere, Espainiako Futbol Liga Profesionalaren jarrera kritikatu dute.
“Ez dugu inondik inora ere ulertzen Vila-realen aurkako partida, ligako hemeretzigarren partidari dagokiona, urtarrilaren 13an, hau da, datorren astelehenean jokatzea. Kopako txapelketako fair play delakoaren faltsutzea iruditzen zaigu. Erabaki hau ulertzea oso zaila da”, kritikatu dute.
Bestalde, “hogeigarren jardunaldiaren ordu aldaketa ulertzea ere oso zaila” dela gaineratu dute: “Partida urtarrilaren 19an zegoen finkatuta, arratsaldeko 18:30ean eta ondoren, egun bereko 21:00etan jokatzeko aldaketa egin dute. Donostian eta Azpeitian, urtarrilaren 19a urteko gau berezienetako bat da, eta noski, festa hau ospatzen duten donostiar eta azpeitiar guztientzat ere bai, dauden lekuan daudela”.
Reala “saiatu” da partida hasiera batean Espainiako Futbol Liga Profesionalak berak finkatutako orduan mantentzen, “baina ezinezkoa izan da”. Horrekin batera, erabaki hauek eragiten dituzten kalteak deitoratu dituzte: “Futbola pertsonengandik urruntzen duten erabaki guztiak oso kaltegarriak iruditzen zaizkigu, eta, ikuspegi horretatik, oso deigarria da ligaren antolatzaileek erakutsitako sentsibilitate falta”.