2025eko txotx denboraldia aurkeztu dute Plaza Berrian
Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin ekoiztu den sagardo litro kopurua 1.300.000 litro ingurukoa izan da 2024ko uztan.
2025eko sagardotegi denboraldia aurkeztu du sagardo sektoreak Donostiako Plaza Berrian. Bertan Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako sagardogileez gain, Nafarroa eta Iparraldekoak ere izan dira. Horrenbestez, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan, lurralde guztietako sagar eta sagardo sektoreak bateratzeko egiten ari den lana irudikatu eta azaldu dute. Lurralde bakoitzeko sagardoa zuen kupel bana zabaldu dute, jendeak dastatu ahal izateko. Izan ere, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabak osatzen duten Euskal Sagardoa Iparraldera zabaltzeko bidea martxan da, eta behin hori lortuta, Nafarroa sartzeko konpromisoa ere lotuta dago.
2024ko uzta aurrekoa baino txikiagoa izan da kopuruz. 2023 urtean uzta handia izanda, 2024an txikiagoa espero zitekeen; eta aurreko neguko hotz eskasiak are eta txikiagoa izatea eragin dute. Aurreko urtearekin alderatuta, %60 sagar gutxiago izan da Euskal Herriko sagastietan, lurraldez lurralde eta zonaldez zonalde aldeak izan badira ere. Kopuru murritzagoa izanda, izaera handiagoko sagarra etorri da eta, beraz, izaera handiagoko Euskal Sagardoak izango dira aurten sagardotegi gehienetan, gorputz eta kolore aldetik, sagardogileen arabera.
Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin ekoiztu den sagardo litro kopurua 1.300.000 litro ingurukoa izan da 2024ko uztan. Euskal Sagardoa egiten duten sagardotegiak 46 dira: arabarrak bat, bizkaitarrak hiru eta gipuzkoarrak 42. Gainera, Euskal Sagardorako sagarra egiten duten sagargileak 250 dira eta guztira, ia 500 hektarea erabiltzen dira horretarako. 2024an, bi milioi kilo pasa sagar bildu dituzte Euskal Sagardorako.