Askatuak eta ikurrina: pasarte historikoaren kontakizuna
Donostiako Askatuak saskibaloi taldearen 50 urteko historian bada gertaera bat orain gutxi arte gaizki dokumentatu dena: Mendizorrotzako ikurrinarena. Ez zen 1976an jokatu, eta ez zen aitzindaria izan. Horrela ere, mugarritzat har genezake.
Derbi estuak eta lehiatuak jokatu zituzten Askatuak-ek eta Baskoniak 1970eko hamarkada erditik aurrera. Aldiz, entzutetsuena Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian jokaturiko bat izan zen. Bi taldeak ikurrin handi baten atzetik atera ziren kantxara, eta berdinketaz harago (76-76), norgehiagoka ospakizun bat izan zen.
Egun hartako argazki bakarra ezaguna da, baina data okerrarekin zabaldu da urtetan. 1976ko urriaren 17an eta 1977ko urtarrilaren 8an izan zela irakur daiteke liburu batzuetan eta Interneteko webgune batzuetan. Ordea, beranduago jokatu zen euskal derbi hura: 1978ko otsailaren 4ean.
Beraz, ez zen aitzindaria izan, eta, ordurako, ikurrina publikoki erakustea «baimendua» zegoen Hego Euskal Herrian —zehazki, 1977ko urtarrilaren 19tik aurrera—. Gainera, ez zen izan saskibaloi lehiaketa ofizial batean publikoki erakutsi zen lehena. Dagoeneko aipaturiko data batean eta Baskoniak Mendizorrotzan bertan jokaturiko beste partida batean izan zen, 1977ko urtarrilaren 8an. Arerioa, ordea, Kataluniako Hospitalet izan zen.
Kronologia zuzena argitzeko, ezinbestekoa izan da Historias de Vitoria-Gasteiz blogaren arduradun Juan Luisek egindako ikerketa. Hasiera batean, ikurrinaren partidari data okerra jarri zion arren, behar bezala kontrastatzea eta zuzentzea lortu du. Horretarako, Txema Capetillo Baskoniako jokalari ohiaren laguntza izan du.
Bestalde, Roberto Arrillaga eta Ruben Gazapo kazetariek idatzitako Repaso fotográfico a los derbys entre Araba y Gipuzkoa artikulua baliatu du kontakizuna egiaztatzeko —Basconistas.com atarian irakur daiteke osorik—.
Sei derbi
Askatuak-ek eta Baskoniak sei euskal derbi jokatu zituzten elkarren aurka ligan eta kopan, 1976. eta 1979. urteen artean. Horietatik hiru irabazi zituen Donostiako taldeak, bi Gasteizkoak eta bat berdindu egin zuten. Aipatu moduan, 1978ko otsailaren 4ean jokatu eta berdindu zuten partida hura izan zen ikurrinarena.
Bi taldeak parez pare aritu ziren neurketak iraun zituen 40 minutuetan. Josean Gaska entrenatzaileak gidatuta, Askatuak norgehiagoka irabaztear eta galtzear izan zen. Essie Hollis estatubatuarraren estreinako denboraldia zen Donostian, eta partidako batez beste 30 puntu baino gehiago sartzen zituen. Ordea, Mendizorrotzan 28 puntu lortu zituen —Hollisek Baskonian ere jokatu zuen, 1980ko hamarkadan—.
Azkenik, 76-76 bukatu zen partida, eta derbiko puntuak banatu zituzten. Izan ere, garai hartan, saskibaloi ligako araudia futbolaren parekoa zen, puntuazioari dagokionez.
Bi egun beranduago, El Norte Express kazetak derbiaren gaztelaniazko kronika argitaratu zuen, eta ikurrinaren presentzia nabarmendu zuen: «Ikuskizuna bi taldeen desfilearekin hasi zen, aurretik ikurrin handi bat zutela. Askatuak eta Baskonia aurrez aurre jarri ziren jokalarien aurkezpenerako, ikurrina tartean zutela».
Atotxako ikurrina
Mendizorrotzako ikurrina baino lehenagokoa da, kirola eta ikurrina batzen dituen irudi ezagunena. 1976ko abenduaren 5ean, Realak eta Athleticek derbia jokatu zuten Atotxan. Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar bi taldeetako kapitainak ikurrina eutsita zelairatu ziren. Txuri-urdinek irabazi zuten derbi hura (5-0).
Horrela ere, Atotxakoa ez da ikurrina aurreneko aldiz erakutsi zen eguna. Gutxitan aipatzen den arren, Bilboko itsasadarrean gertatu zen, 1976ko irailaren 19an. Hau da, Atotxako irudi ikonikoa baino hiru hilabete lehenago. Santurtziko arraun elkarteko arraunlariek ikurrin txiki bat erakutsi zuten, Nerbioi sari nagusia irabazi ondoren.