«Beste ‘ni’ bat dago nobelan, baita beste Donostia bat ere»
Narrazio lanekin hainbat sari irabazi ostean, bere lehenengo nobela argitaratu du Mikel Zubeldia Etxeberriak (Parte Zaharra, 1972): ‘Haizea josten’. Zubeldiak berak Babiloniara egindako bidaia bat oinarri eta Donostia oso presente, lan mamitsua ondu du idazleak.
‘Haizea josten’ nobela argitaratu berri duzu. Zer aurkituko du jendeak liburu horretan?
Bidaia eleberri bat izan zitekeen, baina ez da soilik hori. Hiru plano ditu: alde batetik, lau pertsonek Babiloniako aztarnategira egindako bidaia bat kontatzen da; bestetik, paraleloan, amodio-desamodio istorio bat kontatzen da eta, hirugarrenik, protagonistak gaur egunean, gaztaroa utzita, gaztaroari buruz egiten duen hausnarketa dago. Izan ere, gaztaroa porrotez eta arrakastaz beteriko garai eferbeszente bat da eta horren guztiaren erradiografia egin nahi izan dut liburuan, nahiz eta hori gero jakin dudan.
Beraz, idazten joan ahala aurkitu diozu zentzua?
Bai. Ez nintzen ideia jakin batekin hasi. Babiloniako istorioarekin nobela motz bat idatzi nahi nuen, baina beste bi pertsonaia sartu zitzaizkidan nobelan, Thilo eta Thaïs neba-arrebak, eta nobela erabat aldarazi zidaten.
Eta, bestalde, idazle lagun batzuekin bazkari bat egin nuen, eta bazkari batek sortzen dizun aje edo melankolia puntu horretatik hasi nintzen haritik tiraka idazten. Bazkari hori da liburuaren abiapuntua, hala gertatu zitzaidalako.
Autobiografia kutsu handiko nobela da, ezta?
Fikziozko pasarteak ditu, noski, baina egia da, besteak beste, duela hogei urtetik gora Iraken egon nintzela feria batean, eta lagun batekin joan nintzela Babiloniako aztarnategira; ez nekien Babilonia existitzen zenik ere. Istorio hori egiazkoa da, baita nobelan agertzen diren pertsona batzuk ere; izenak aldatuta, noski. Beste gauza asko aldatu egin ditut, baina oinarria egiatik dator.
Hala ere, ez naiz ni nobelako protagonista, beste ni bat da. Orain arte idatzi dudana ez da autobiografikoa izan, buruan nituen istorioak izan dira, eta orain, lehen aldiz, beste ni hori sartu dut nobelan. Uste nuen banuela zerbait kontatzeko, eta, onerako edo txarrerako, kontatuta utzi dut.
Liburuaren izenburuak badu zentzu berezirik?
Liburuan aipatzen den idazle talde horren bazkarian, ezizenez aipatzen dira idazleak, baina horietako bat Patziku Perurena da. Eta, hain zuzen ere, hark idatzi zidan mezu elektroniko batean Haizea josten izenburua. Polita irudi zitzaidan, nobelari izenburu hori jarri nion eta gero etorri ziren interpretazioak. Patzikuk esaten du haizeak jostea hitz egitea bezala dela, baina, niretzat, izan daiteke munduan zehar ezagututako haize desberdinak josi eta tapiz bat egitea. Metafora moduko bat da: hitz egitea izan daiteke, elkarrizketatzea, garai bateko kontuak kontatzea… bakoitzak bere interpretazioa egin dezala.
Asko hitz egiten duzu Donostiaz liburuan, baina beste izen bat eman diozu hiriari: Oknostia.
Beste ni bat dago nobelan, eta baita beste Donostia bat ere. Beti fikziozko lekuei buruz idatzi izan dut: Okrelandez, esaterako. Erreparoa eman izan dit gaur egungoaz eta gure benetako lekuez idaztea, baina, oraingoan, lehen aldiz, Donostiaz hitz egin dut.
Hasieran, Okrelanden kokatu nuen nobela, baina, idazten joan ahala, Donostiako erreferentzia asko idazten joan nintzen, eta ikusi nuen ezin zela ezkutatu Donostia zela hiri hori. Oknos hori jarri nion aurretik hitz joko bat egin nahian, Luis Cernudak bere haurtzaroko Sevillaz hitz egiten duen poesia liburuaren harira. Horrela, nire Donostia erretratatu nahi izan nuen: nire haurtzarokoa, nire oroitzapenena… Uliako sorgina aipatzen da, besteak beste.
Donostia asko daude Donostian.
Nork bere Donostia du; Donostia oso plurala da, eta eskerrak dena ez den Ñoñostia hori. Ni donostiarra sentitzen naiz, nire erara, eta nire donostiartasuna edonoren aurrean defendatzen dut. Donostia maite dut, baina nire Donostia. Donostiak arazo asko dituela ikusten dut, batez ere gazteentzat, baina ni Donostia zalea naiz.
«Nork bere Donostia du; Donostia oso plurala da, eta eskerrak dena ez den ‘Ñoñostia’ hori»
Kontxatik, danborradatik eta Realetik haragoko donostiartasunak sustatu behar dira.
Donostiarra izateko modu bat da, adibidez, Anoetan Realaren eta Real Madrilen arteko sekulako partida jokatzea, estadioa jendez lepo egotea eta ni nire alabarekin Ernest Lluchera joatea. Eta halako beste mila eredu daude, Egiara, Altzara edo beste auzo askotara joatea baino ez dago.
Literaturara itzuliz, eleberria baino, narrazioa idatzi duzu. Nolakoa izan da oraingoan prozesua?
Ez dut asko idazten, gehiago irakurtzen dut, idatzi baino. Lasaitasuna eta patxada behar dut idazteko, eta beti ez da posible. Ideia on bat baldin badaukat, horrekin buru-belarri jartzen naiz. Baina ez badaukat ideia bat buruan, ez dut sentitzen paper zuriaren sindrome hori. Eta, oraingoan, Babiloniako istorio hori nuen buruan, narrazio gisa idaztekoa nintzena, baina, pixkanaka, nobela forma hartzen joan zen. Hala ere, erosoago sentitu izan naiz beti narrazioan, eta, ziur aski, itzuliko naiz.
Eskerrak orri zuriaren sindromerik ez duzula, literatura ez baita zure ogibidea.
Ez, kanpo merkataritzan egiten dut lan. Beraz, ez daukat inolako betebeharrik idazketari dagokionez. Onerako eta txarrerako, baina nik uste dut gauza txar baino on gehiago dituela horrek.