Etxebizitza eta topoa, 2025erako erronketan
Eneko Goia alkatearen hitzetan, 2025. urtea «erabakigarria» izango da Donostiaren etorkizuna definituko duten proiektuak gauzatzeko. Etxebizitza, mugikortasuna, zientzia eta kultura ditu mugarri udalak, beste hainbat esparruren artean.
Eneko Goia Donostiako alkateak abenduaren amaieran aurkeztu zuen 2025ean hiriaren norabidea markatuko duten proiektu eta erronken egitasmoa, une honek hiriaren historian duen garrantzia azpimarratuz. «Gure hirirako une erabakigarrian gaude. 2025. urtea gure etorkizuna definituko duten erronkaz eta aukeraz beteta egongo da. Gaur zuekin konpartitzen ditut Donostia modernoagoa, iraunkorragoa eta sozialki kohesionatuagoa eraikitzeko elkarrekin izango ditugun lehentasunezko proiektuak eta erronkak», adierazi zuen Goiak.
Etxebizitza da, alkatearen ustez, donostiarren kezka nagusietako bat, eta gazteek euren bizi proiektuak hirian ezin garatu ahal izatea «oso larria» dela uste du. Honela, arazoari aurre egiteko «bide bakarra» eskaintza handitzea dela iritzi du Goiak eta, norabide horretan, 2025ean martxan jarriko diren garapenak aipatu zituen: Txomiñenea II —Martuteneko kartzela lekualdatzen denerako—, Infernua eta Illarrako obrak. Argitu zuenez, kartzela lekualdatzen denean, lurraren jabetza lekualdatzeko asmoz, negoziatzen ari da Espainiako Gobernuarekin udala.
Infernuari dagokionez, alkateak astearte honetan azaldu du birpartzelazio proiektua itxita dagoela. «Uste dut gai izango garela hilabete honetan bertan Gobernu Batzordearen onespenera eramateko. Hori bai dela obrak hasi aurreko azken urratsa, eta beraz, oso gertu dago», adierazi zuen Goiak. Illarraren kasuan, aurrerapausoak ematen ari direla azaldu zuen alkateak, eta urte honetan hasteko gai izango direla uste duela.
Etxebizitzaren aferari dagokionez, Txomiñenea II, Illarra eta Infernua eremuko lanak ditu esku artean udalak urte honetarako
Bestetik, abenduan xehetasunik eman ez zuen arren, Loiolako kuartelen afera ekarri zuen gogora, esanez oraindik ez dagoela ebatzita ea nola egin ahal izango den proiektua: «Olentzerok ez du ekarri, espero dezagun Errege Magoek ekartzea, Espainiako Gobernua izanik, zentzu gehiago du», txantxa egin zuen alkateak. Ordea, astearteko prentsaurrekoan ez zuen horren inguruko berritasunik azaldu.
Garraioari dagokionean, topoaren obrak aipatu zituen alkateak abenduaren amaieran. Proiektua martxa onean doala azaldu zuen, eta 2025eko amaierarako aurreikusten dela amaiera. «Zuhurtziaz» jokatuz, 2026 hasiera aipatu zuen alkateak, «hiriaren konektibitatea eraldatuko» duen proiektu gisa definituz. Mugikortasunaren inguruan, hirian egiten ari diren obra guztiak aipatu zituen, eta sortzen ari diren «eragozpen» guztiak aintzat hartu zituen, baina espero du «hoberako» izatea.
Osasuna, kirola eta zientzia
Osasungintzari dagokionean, Donostia Ospitalean inbertsio handiak egiten ari direla ziurtatu zuen Goiak, eta protoi terapia eraikinaz gain, kanpo kontsultetako eraikin berria egiten hasiko direla azaldu zuen. Bukaerako emaitza «bikaina» izango dela ziurtatu zuen, baina bitartetan dauden obren «eragozpenak» aipatu zituen, batez ere, aparkalekuaren arazoarekin.
Gizarte zerbitzuetan, 2025ean, Egiako Villa Salia eraikina irekiko dutela ziurtatu zuen, bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako eguneko zentroa.
Kirolari dagokionean, Anoetako kirol hiriaren aldeko «apustua» nabarmendu zuen: belodromoko konpontze lanak jada hasi dira, eta estadio txikiarenak laster abiatuko dira. Horretaz gain, lanean da udala Illunbeko proiektua definitzeko: akordioa itxi behar da aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, finantziazioaren ikuspuntutik, batez ere. Kirol ekitaldiez gain, bestelako kongresuen eta musika kontzertuetarako erreferentziazko gune bihurtu nahi du Illunbe udalak.
Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin akordioa itxiz gero, Illunbe kongresuetarako eta kontzertuetarako erreferentziazko gune bihurtu nahi du udalak
Azkenik, zientzia eta ezagutzaren hiria aipatu zituen, azken urteetan «izugarrizko aurrerapausoak» egin dituela nabarmenduz: «Proiektu oso garrantzitsuak jarri dira martxan». Aurten, ordenagailu kuantikoa iritsiko da Donostiara, BCCren GOe proiektua gauzatuko da, eta baita Miramongo Parke Teknologikoaren handitzea ere.
Bestelako erronkak
Auzoetan egingo diren lanen inguruan, honakoak aipatu zituen alkateak: Bidebietako parkea berritzea, Bulebarraren eta Kursaalaren arteko bidegorri berria, Loiola Kultur Etxeko irisgarritasuna hobetzea, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren Egiako polizia etxe baterako proiektua idaztea eta Haizearen Orrazia osorik birgaitzea. Gainera, tasa turistikoa onartzea espero dute, udalari kudeaketa turistikorako baliabide gehiago emateko.
Azkenik, Goiak azpimarratu zuen Donostia etorkizunerako oinarriak ezartzen ari dela: «Datozen urteetan ikusiko dugun hiriak garraio publiko gehiago, garbiagoa eta iraunkorragoa izango du, etxebizitza irisgarrien eraikuntzari funtsezko bultzada emango dio, zientziaren eta ezagutzaren hiri gisa duen apustua indartuko du kalitatezko enplegua sortuko duten proiektu traktoreekin, eta Anoetako kirol instalazioak berrituko ditu», adierazi zuen alkateak.
«2030eko Donostia eta haratago doan hiria eraikitzen ari gara. Hurrengo belaunaldiei hiri modernoagoa, iraunkorragoa eta aukeraz betea utzi nahi diegu. Bost urteren buruan, Munduko Futbol Txapelketaren azken fasearen egoitza izango gara, eta erronka horrek hiri global gisa dugun gaitasuna frogatuko du», gaineratu zuen.