IGEan baimenik gabe sartzen direnek ohar informatiboa jasoko dute hurrengo bi hilabeteetan
Donostiako Udalak astelehenean (hilak 13), abiatuko du Isuri Gutxiko Eremuko (IGE) sarreren kontrolaren prozesu informatiboa. Horren bidez, datozen bi hilabeteetan, eremura baimenik gabe lehenengo aldian sartzen diren ibilgailuek jakinarazpen bat jasoko dute, arau haustearen berri emateko.
Martxoaren 14tik aurrera, IGEan baimenik gabe ibilgailuarekin sartzen diren herritarrek 200 euroko isuna jasoko dute. Kopuru hori %30 igo daiteke, arau haustea behin baino gehiagotan eginez gero.
Lehenengo datuak
Urte amaieratik dago indarrean IGEa, eta udalak dagoeneko eman ditu datu batzuk: “Indarrean sartu zen lehen astean (abenduaren 16tik 23ra) jasotako datuek erakusten dute eremura sartu diren ibilgailuen %80k ingurumen-etiketa zutela, eta, beraz, inolako izapiderik egin beharrik gabe zuzeneko baimena zutela. %15 atzerritarrak edo DGTren erregistroan identifikaziorik ez zuten ibilgailuak izan ziren eta gainerako %5a ingurumen etiketarik ez zuten ibilgailuak ziren, eta, beraz, ezingo ziren sartu, salbu eta salbuespenezko kasuetan baimena izapidetzen bazuten”.
Bestalde, IGEa indarrean sartu zenetik jasotako salbuespeneko kasuetarako baimen eskaerei dagokienez, udalaren arabera, “mugikortasun murriztuko Europako txartela duten pertsonen garraioarekin lotutakoak nabarmentzen dira (%26), gunearen barruan dauden garaje-plazen jabe edo emakidaren titular direnenak (%23) eta ohiko zerbitzu edo errepikarienak (%22). Era berean, dagokion izapidearen bidez identifikazioa eskatu duten atzerriko ibilgailuen kopurua oso handia da (2.000 ibilgailu baino gehiago)”.
Faseak
Indarrean dagoena IGEaren lehenengo fasea dela gogoratu behar da: 2025etik 2028ra bitartean, ingurumen etiketarik gabeko ibilgailuak ezin izango dira eremura sartu, salbu eta baimen zuzena duten salbuespenezko kasuetan eta baimen puntuala, aldi baterakoa edo iraunkorra eskatu ahal izango den beste kasu batzuetan. 2028tik aurrera, bigarren fasean, ingurumen etiketarik ez duten edo B etiketa duten ibilgailuak ezin izango dira IGEra sartu, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
Hala ere, badaude zenbait salbuespen: IGEan erroldatuta dauden eta DGTn erroldatutako helbidea eremuari dagokion ibilgailuak (bigarren fasean ez dira baimenduko etiketarik gabeko ibilgailuak, 70 urtetik gorako egoiliarrentzat izan ezik), IGEan erroldatuta ez dauden baina salbuespenezko TAO araubideei lotutako baimena duten pertsonen ibilgailuak (mugikortasun murriztua eta jarduera ekonomikoak), DGTk historikotzat jotako ibilgailuak eta taxi edo gidaridun garraio ibilgailuak (bigarren fasean ez da etiketarik gabeko ibilgailurik baimenduko taxien eta VTCen kasuan).
Informazio guneak
Udalak herritarrek Isuri Gutxiko Eremuari buruz dituzten zalantzei erantzuteko bulego bat dauka irekita, Arroka plazako 5. zenbakian, Amaran. Gune hori astelehenetik ostiralera dago irekita, 9:00etatik 14:00etara (asteazkenetan ere 16:00etatik 18:00etara), eta Udalinforekin harremanetan jartzeko ohiko zenbakiaren bidez telefono bidezko laguntza eskaintzen du (010 edo 943-48 10 00, udalerritik kanpo).