«Donostiako lehen pastoralaren egilea izatea plazer bat izango litzateke niretzat»
Jakes Lafitte (Tolosa Okzitania, 1947) ingeniari eta idazleak 'Txillardegi pastorala' ondu du. Lafittek gertutik ezagutu zuen Txillardegi, eta baita haren bizitza ere. Pastorala 'Maiatz' aldizkarian argitaratu dute, baina taularatzeko antzezleak falta zaizkio oraindik. Donostian estreinatzea gustatuko litzaioke Lafitteri.
Nola bururatu zitzaizun ‘Txillardegi pastorala’ idaztea?
Jakes Lafitte (J.L.): Pastorala egiteko ideia Jean Louis Davant zuberotarrak eman zidan. Izan ere, lehenago, Zortzi pastorala berri liburua idatzi nuen, Maiatz editorialak argitaratu zuena, eta liburu horren hitzaurrea Jean Louis Davantek egin zuen. Gero, mezu bat bidali zidan, esanez ea zergatik ez nuen Txillardegi pastorala egiten. Jean Louis Davantek Donostian hori egiteko eskatu zuen, baina inork ez zuen egin nahi; beraz, nik egin dut, hiru hilabetetan. Maiatz aldizkarian argitaratu dute, duela bi hilabete.
Zer kontatzen da pastoralean?
J.L.: Txillardegiren bizitza osoa. Politikoa zen, idazlea eta militantea, eta bere familiaren bizitza ere badago. Gainera, pastoral guztietan ezkontza bat egoten da, eta haren ezkontzari buruzko zati bat ere badago. Horretarako, haren alargunaren, Jone Forcadaren, laguntza eskatu nuen, jakin nahi nuelako nola egin zen ezkontza, non egin zuten, eta eztei bidaian nora joan ziren.
Zuk ezagutu zenuen Txillardegi, ezta?
J.L.: Bai. Nik egunero ikusten nuen Hendaian, eta nire irakaslea ere izan zen. Izan ere, nik neure kabuz ikasi nuen euskara hasieran, eta gero, Goierrira joan nintzen euskara ikastera. Beasainen eta Ordizian aritu nintzen euskara ikasten, baserri batean eta sagardotegian; baina sagardotegian barraren barruan e, ez kanpoan [barrez]. Lanean ari nintzela, alegia. Eta gero, 1965ean, Txillardegik euskara batua irakasten zuen Baionako museoan, eta hara joaten nintzen.
Noiz estreinatuko da pastorala?
J.L.: Antzerki talde bat topatu behar da horretarako. Uste dut antzerki taldeak Donostian badaudela, baina behar bada, Donostian ez dute esperientziarik pastoralak taularatzen. Orduan, gure taldean badira horretako gai diren pertsonak. Adibidez, Pantxika Urrutik lau pastoral taularatu zituen, eta esperientzia asko dauka horretan. Nik uste dut, behar bada, haren laguntzarekin egin daitekeela.
Zenbat pertsona behar dira pastorala taularatzeko?
J.L.: 100 pertsona behar dira. Pastorala prestatzeko urte beteko lana egin behar da. Nire ustez, ohiturarik ez dutenek bi urte behar dituzte, eta ohitura dutenek, berriz, bederatzi hilabete. Gainera, lehenago casting moduko bat egiten da, parte hartzaileak aukeratzeko. Bestalde, pastoralerako kantuak idatzi ditut nik, baina musika ipini behar da. Nik musikaz ez dakit; kantuak egiten ditut, hamar urratseko bertsoak, baina gero, melodia jarri behar zaie.
Donostian estreinatzea gustatuko litzaizuke?
J.L.: Bai. Donostian, donostiarra zelako; baina baita Hendaian ere, bertan bizi izan zelako, eta Jone bertako ikastolako irakasle izan zelako. Eta Baionan ere bai, bertan egin zirelako euskara batuaren oinarriak. Hiru toki horietan estreinatzea nahiko nuke.
Donostian estreinatzeak zer suposatuko luke zuretzat?
J.L.: Donostiako lehen pastoralaren egilea izatea plazer bat izango litzateke niretzat. Horrek erakusten du ez dudala alferrik lan egin. Niretzat, pastoral bat idaztea oso gauza interesgarria da. Asko ikasten da; liburuetan informazioa bilatu behar da, Interneten ere bai, eta jendearekin hitz eginez ere bai.
Jone Forcadarekin hitz egiteaz gain, zein informazio iturri erabili dituzu zuk?
J.L.: Txillardegi egunero ikusten nuenez, bere bizitza pixka bat ezagutzen nuen, eta bere liburuak ere bai. Batez ere, Huntaz eta hartaz liburua erabili dut, Txillardegirena, gipuzkeraz idatzita dagoena. 1974ean erosi nuen, Hendaiako Mugalde liburutegian. Liburu interesgarria da, eta agortu baldin bada, ondo legoke berriz argitaratzea.