Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean
Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du Txillardegik liburutegia? galdera daraman pankarta baten aurrean egin duten ekitaldian.
Izan ere, hamahiru urte dira dagoeneko Txillardegi hil zela, eta Txillardegi udal liburutegia ekimeneko kideek deitoratu dute oraindik zain jarraitzen dutela Donostiako Udal Liburutegiari donostiar hizkuntzalari, politikari eta idazlearen izena jartzeko. Hori dela eta, Badok amairu izena jarri diote gaurko ekitaldiari, Fito Rodriguezek idatzitako izen bereko artikuluan oinarrituta: “Dakigunez, Resureccion Maria Azkuek jasotako San Martinen estutasuna herri ipuina Ez dok amairu esaldiarekin amaitzen zen. Esaldi horrek esan nahi du madarikazioa, amairua, gainditu dela; hamahiru zenbakiak duen malefizioa hautsi egin dela, alegia. Baina Txillardegiren kasuan, pentsamendu laburreko gogamenen ondorioz, madarikazioak, zoritxarrez, bere horretan dirau oraingoz. Ez digu axola; datorren urtea, hamalaua, izango da Jose Luis hil zenetik, eta hamahirua gaindituko dugulakoan nago”, azaldu dute ekimeneko kideek. Horren aurrean, “ez dutelako etsiko” nabarmendu dute.
Rodriguezek berak ere hartu du hitza, eta “malefizioak” irauten duela salatu du: “Baduk/n amairu. Malefizioak irauten du. Txillardegi ez dute oraindik onartu behar bezala”.
Adierazpen horiez gain, Janitz Enparantza txistulariaren laguntzaz, ohorezko aurreskua egin du Sua Enparantza dantzariak. Gainera, urteroko legez, txilar landareak landatu dituzte, eta kantuan bukatu dute omenaldia, Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek herri ekimenarentzat sortutako bertsoarekin.
‘Txillardegi pastorala’ sortu dute
Jakes Lafitte (Tolosa Okzitania, 1947) ingeniari eta idazleak Txillardegi pastorala argitaratu du, hiru hilabeteko lanaren ostean. Ekitaldian izan da Lafitte, eta azaldu du berak ondutako lana Maiatz literatura aldizkarian argitaratu dutela, 2024eko bigarren alean, hain zuzen ere. Lafittek gertutik ezagutu zuen Txillardegi, izan ere, euskara eskolak eman zizkion Baionako Euskal Museoan. “Klase mamitsuak ziren, etxeko ariketak ematen zizkigun, eta han ziren batzuek euskalgintzan bide luze eta aberatsa egin zuten gero. Klaseak bukatu ondoren, Baionako antzokiko ostatuan biltzen ginen, edarien inguruan, solas mamitsuak eginez”, oroitu du Lafittek.
Pastorala idazteko, Txillardegiren Huntaz eta hartaz liburua izan du oinarri Lafittek, eta Txillardegiren alargun Jone Forcadarekin ere hitz egin du pastorala osatzeko: “Pastoral guztietan ezkontza bat dago, eta Jonerekin hitz egin nuen beraien ezkontza nola ospatu zuten jakiteko”, azaldu du. Pastorala idatzita badago ere, plazaratzea falta da orain, eta Lafitteri Donostian estreinatzea gustatuko litzaioke. Horretarako, ordea, 100 laguneko antzerki talde bat behar da gutxienez, eta aurkituz gero, Donostian bertan estreinatzea berarentzako “plazera” izango litzatekeela nabarmendu du.