Egun Antifaxista antolatu dute Egian
Donostia Antifaxista plataforma sortu berriak antolatuta, Egun Antifaxista antolatu zuten atzo Egiako Plaza Haundin. Hiriko hainbat eragilek bat eginik sortu dute plataforma, eta abenduan mobilizazioa egin ostean, hau da antolatutako bigarren jarduera
Lo que no te cuentan de Donosti (LQNTCDD) Telegram talde erreakzionarioak deituta, Kaleko Afari Solidarioen aurkako protestak hasi ziren auzoa aukeratu zuen Donostia Antifaxistak, Egun Antifaxista egiteko. Atzo eguerdirako jarri zuen hitzordua, Plaza Haundin: faxismoaren gorakada eta horri aurre egiteko erronka landu zuten lehenengo, mahai-inguru baten bidez. Segurtasunaren diskurtsoaren atzean ezkutatzen dena, diskurtso atzerakoi horiek gora egin izanaren arrazoiak, XXI. mendeko faxismo eraberrituaren ezaugarriak eta abar landu zituzten bertan, eta parte hartu zuten, besteak beste, Mugimendu Sozialistako, Kinkako, Guztiontzako Egia Auzotar Sareko zein Hiritarron Harrera Sareko kideek.
Mahai-inguruaren ondoren, bazkari bat izan zen Plaza Haundin bertan, eta gero musika emanaldi bat eskaini zuen Amazigh taldeak. Donostia Antifaxistak, azaldu duenez, “lanketa ideologikoa egiten” jarraituko du hemendik aurrera. “Donostian deitzen den edozein mobilizazio faxista eta arrazista erantzuteko antolaketa lanetan” segituko du, LQNTCDD talde erreakzionarioaren protesten aurka egin bezala.