Intxaurrondoko Haur Danborradak 60 urte bete ditu
San Sebastian eguna donostiar asko eta askorentzat da berezia, baina are bereziagoa izango da aurtengoa Intxaurrondoko Haur Danborradarentzat, 60 urte beteko baititu. Hain zuzen ere, 1964an sortu zuten konpainia, eta 1965eko San Sebastian egunean hartu zuen parte estreinakoz Alderdi Ederretik abiatzen den haur danborradan.
Urteurrena ospatzeko, berrikuntza bat txertatu dute aurten: sukaldariaren figura presente egongo da Intxaurrondoko Haur Danborradan, estreinakoz. Gainera, sukaldarien txaketek “1965–2025” datak izango dituzte brodatuta.
“Danborrada izan da beti Intxaurrondo auzoa gehien lotu duen jardueretako bat. 1965ean parte hartu zuen lehenengoz Intxaurrondoko Haur Danborradak Donostiako haur danborradan, Intxaurrondoko Los Luises izenpean, baina lehenengo aldiz 1964ko irailaren 14ean kaleratu zen, Intxaurrondo Zaharreko Santa Kruz jaiak zirela eta. Baltasar Iglesias auzoko apaizaren ekimenari eta Intxaurrondoko herritar askoren inplikazioari esker, danborrada hau auzo osoko haur danborrada izan da”, azaldu du danborradak berak, prentsa ohar baten bidez.
Beste urteurren batzuk
Intxaurrondoko Haur Danborrada ez da izango aurten urteurren berezi bat ospatuko duen haur danborrada bakarra, Orixeko haur danborradak 25 urte beteko baititu. Bestalde, helduen danborradei dagokienez, besteak beste, Santiagomendik 30 urte beteko ditu, eta 70. urteurrena ospatuko dute Artzak Ortzeokek, Ondar Gainek eta Ibadanek.