Zinemaren historia ikuspegi femenino eta feministatik jorratuko dute
Nosferatu ziklo berria aurkeztu dute: 'Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak'.
Hilaren 14an abiatuko da Tabakaleran, Nosferatu ziklo berria: Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak. Ziklo hau ikuspegi femenino eta feministatik hurbiltzen da zinemaren historiara, eta bere 130 urteak errepasatuko ditu garai eta jatorri guztietako emakume sortzaileek zuzendutako filmen bitartez. Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa, Tabakaleraren eta Institut Valencia de Cultura – La Filmotecaren lankidetzarekin, eta 2025eko urtarriletik abendura bitartean garatuko da.
1896tik, Alice Guy aitzindari frantsesaren lanekin hasita —bera izango da lehen saioan protagonista eta bere hiru film proiektatuko dira Mabel Normanden film batekin batera— gaur arte, ziklo honek emakume zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktoreen lana berrikusi, proiektatu eta aldarrikatu nahi du; haietako batzuk azken urteetan aitortuak eta aldarrikatuak izan dira, eta beste asko, berriz, ahaztuak eta zinemaren historiatik ezabatuak.
Atzera begirakoari hasiera emateko, Lois Weber, Frances Marion, Musidora, Leni Riefenstahl, Dorothy Arzner, Ana Mariscal eta Ida Lupino (klasikoak) aitzindarien lana erakutsiko da; jarraitzeko, beste askoren artean, Agnès Varda, Chantal Akerman, Lorenza Mazzetti, Lina Wertmüller, Larisa Shepitko eta Barbara Lodenen (modernoak) filmak izango dira, eta udazkenean itxiko da, Susan Seidelman, Naomi Kawase, Kathryn Bigelow, Jane Campion eta Isabel Coixet bezalako zinemagile bitxiekin.
Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine, Elisa McCauslandek eta Diego Salgadok koordinatua, 2025eko urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena, Iratxe Fresnedak koordinatua, datorren urtearen amaieran plazaratuko da.
Zinema bonua eta sarreren salmenta
Tabakalerako zinema bonua aurten ere eskuragarri egongo da. 120 euroren truke, pantaila partekatuko kide diren erakundeek 2025ean zehar programatuko dituzten 40 saiotara sartzeko aukera emango du: Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elias Querejeta Zine Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera (2025eko Donostia Zinemaldian zehar programatutako filmak salbu).
Beste behin, bonua erosteak Nosferatu bildumaren bi argitalpenetako bat eskuratzeko aukera emango du: AEBetako western post-klasikoa eta garaikidea edo aurrez aipatutako Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine.
Bonua urtarrilaren 31ra arte (eguerdiko 12:00ak) eskura daiteke, Tabakalerako webgunean zein zentroaren Informazio Puntuan. Aipatu datan eta orduan irekiko da, leku beretan, urtarrilean egingo diren proiekzioen sarrera arrunten salmenta ere. Bonua 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte (biak barne) erabili ahalko da. Bonuari loturiko izapide guztiak Tabakalerako webgunean zein zentroaren Informazio Puntuan egin daitezke: bonua erostea, beste norbaiti bidaltzea opari gisa, filmetarako sarrerak bonuaren deskontuarekin lortzea edo geratzen den zenbatekoa kontsultatzea.