Loiolako osasun etxean elkarretaratuko dira, lehen arreta duin baten alde
Olatu Txuria plataformak osasungintzako lehen arreta duin baten alde mobilizatzera deitu dute larunbaterako (hilak 18). Oraingoan, Loiolako osasun etxean elkarretaratuko dira, 12:00etan, “osasun etxe berritu eta irisgarri baten alde”.
Ugaritzen ari dira azkenaldian lehen arretako osasun zentroak hobetzearen aldeko mobilizazioak Donostian. Olatu Txuriak, besteak beste, Intxaurrondon elkarretaratzea egin zuen azaroan. Era berean, Donostialdea Osasun Publikoaren Alde (DOPA) plataforma ere mobilizazioak egiten ari da, hala nola, Amara Berrin mobilizatu ziren abenduan. Egian, bestalde, anbulatorioko baldintza duinen alde mobilizatuko dira auzoko 30 eragile.