Ollagorra jatorrizko egoitzara itzuli da
Parte Zaharreko Ollagorra elkartearentzat berezia izango da aurtengo San Sebastian eguna. Zortzi urteren ondoren, Mari kaleko jatorrizko egoitzara itzuli direla jakinarazi dute. Inaugurazioa hilaren 19an, San Sebastian egunaren bezperan egingo dute.
Eraikina hondatuta zegoelako utzi behar izan zuten, eta behin-behinean Etxague kaleko 6. zenbakira lekualdatu ziren. Han bost urte eta erdi eman dituzte. Aldiz, sei hilabete behar izan dituzte jatorrizko egoitza egokitzeko lanak bukatzeko. “Profesional askok lan egin dute. Batez ere, zuzendaritza batzordearen eta boluntarioki eta dohainik lagundu duten pertsona askoren ahalegin handia nabarmendu eta eskertu behar dugu”.
Itzulera ospatzeko egitarau berezia prestatu du elkarteak. Hilaren 17an, danborradaren entsegu bukaerako afaria egingo dute. Aipatu moduan, 19an inauguratuko dute egoitza berritua, San Sebastian egunaren bezperako afariarekin. Azkenik, hilaren 20an, San Sebastian egunean, urteroko Urgulleko jaitsiera tradizionala egingo dute (20:30).
Ollagorra elkartea hiriko zaharrenetako bat da, 1906an sortu zutelako. Gaur egun, 250 bazkide dituzte, eta itxaron zerrenda luzea da. 2022. urtetik elkarte mistoa da, eta, ordutik, emakumezkoak ere bazkide izan daitezke.