Albisu eta Iparragirre auzipetu ditu Audientzia Nazionalak, Patxi Arratibelen hilketaren harira
Audientzia Nazionalak Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre donostiarrak auzipetu ditu —Iparragirre Eskoriatzan jaioa da, baina Donostian errotua—, Josetxo Arizkurenekin, Iñaki Graciarekin, Xabier Garcia Gaztelurekin eta Irantzu Gallastegirekin batera, Patxi Arratibel enpresariaren hilketaren harira.
ETAk 1997an hil zuen Arratibel, Tolosan. Albisu, Iparragirre, Arizkuren eta Gracia auzipetu dituzte garai hartan erakunde armatuaren zuzendaritzako kideak zirelakoan. Garcia Gaztelu eta Gallastegi, aldiz, ustez hilketa exekutatzeagatik auzipetu dituzte. Albisu eta Gracia kalean daude egun, baina preso jarraitzen dute Iparragirrek, Arizkurenek, Garcia Gazteluk eta Gallastegik.
Auzipetuen defentsak auzia berriz ez irekitzeko eskatu zuen, hilketa preskribatzeko hogei urteak pasatu direlako. Aldiz, Fiskaltzak errekurtsoaren aurka egin zuen eta auzipetzeari eustearen alde egin zuen, preskripzio epea eten zuten ebazpen judizialak zeudela iritzita, 2013an sumarioa ireki zutelako.