Bi danborrada baztertzaile egongo dira aurten sansebastianetan: Aizepe eta Club Cantabrico
Gero eta gutxiago dira, baina oraindik badaude. Aurten, San Sebastian egunean Donostiatik desfilatuko duten 167 danborradetatik, bi erabat baztertzaileak izango dira, ez baita emakumerik aterako danbor eta upel jotzaile lanetan. Aizepe eta Club Cantabrico dira bi danborrada horiek. Horrela, 164 danborradatan gizonek eta emakumeek joko dute danborra eta upela, bitan soilik gizonezkoak arituko dira rol horietan eta Emakumeen Etxekoan soilik emakumeen hartuko dute parte.
Aizepe Parte Zaharrekoa da, eta elkartea 1924an sortua bada ere, 2003tik dauka bere danborrada propioa; 16:30etik 20:10era desfilatzen du auzoko kaleetatik. Club Cantabrico, aldiz, Erdialdeko elkarte eta danborrada bat da, 00:30etik 04:00etara desfilatzen duena, Kontxa ingurutik. Elkartea 1891. urtean jaio zen eta hiriko elkarte zaharrenetariko bat da. Club Cantabricoren danborrada 2000. urtean ibili zen estreinakoz hiriko kaleetatik, eta aurreikusita dauka 2026an hastea emakumeak onartzen.
25 urte bete ditu aurten danborrada horrek eta, hori dela eta, udalak gorbata berezi bat emango die, aitortza modura. Aurtengo ediziotik hasita, udalak gorbata berezia oparituko dio urteurren “borobila” egiten duen danborrada orori, euren estandartean eramateko. Club Cantabricoz gain, Bentaberriko Lagunak, Club Ciclista Donostiarra, Gaztedi, Parroquia Maria Reina-Egiako Tolosarrak eta Zubi Musu danborradek ere 25 urte beteko dituzte aurten, eta berriz, Kondarrak danborradak 75 urte.
Gero eta gutxiago
Azken urteotan, nabarmen murriztu da danborrada baztertzaileen kopurua: 2023an, zortzi ziren danbor eta upel jotzaile roletan emakumerik ez zuten danborradak; 2024an, bost ziren eta orain bi dira. Aurten, mistoak izatera pasatu dira Gizartea, Amigos del Europa eta Amigos Antonio Bar. Hain zuzen ere, Donostia Festak udal erakundeak danborrada berriak sortzeko deialdia irekitzen du urtero, eta ez du baimentzen danborrada ez misto berririk sortzea.
Hala ere, gogoratu behar da danborrada gehien-gehienetan danbor eta upel jotzaile lanetan emakumeak badaude ere —bestela, ez dute diru laguntzarik publikorik jasotzen—, asko direla oraindik danborradan bai, baina elkarte gastronomikoan emakumerik onartzen ez duten elkarteak.
Era berean, helduen danborradetan 12.096 gizon (%53,21) eta 10.640 emakume (%46,79) badaude ere, San Sebastian eguna jai benetan parekide bat dela esan ahal izan arte, udalak argitaraturiko dosierrean ez dauden zenbait datu aztertu beharko lirateke: esaterako, ea gizonak gehiengoa al diren danborretan, hau da, gehien entzuten den eta desfilean aurrean doan rolean, edo ea zenbat emakumek duten danbor nagusiaren rola.