«Dominari esker, egiten dugun lanari ikusgarritasun gehiago emango diote»
Urtetan egindako lana saritzeko asmoz, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko du San Sebastian egunaren bezperan.
Hiritar Merezimenduaren Domina jasotzeak zer esan nahi du zuentzat?
Guretzat ohore bat da, egindako lan onari saria delako. Gainera, laster 25 urte beteko ditu Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, eta urteurrena borobiltzeko modu bat da. Dominari esker, egiten dugun lanari ikusgarritasun gehiago emango diote, eta jakina den arren, jende gehiagorengana iritsiko gara. Hori ezinbestekoa da, beharra dagoelako, eta laguntza oro delako ezinbestekoa. Bestalde, niretzat ere berezia da, donostiarra naizelako. Hamar urte daramatzat elkartean, eta jarraitzeko gogotsu nago.
Zuen alorretik zein da hiriari egindako ekarpena?
Donostian, elikagai asko biltzen ditugu herritarren partetik, eta baita banatu ere. Dena dela, gure egoitzak Oiartzunen eta Bergaran ditugu, eta gure lana Gipuzkoa mailakoa da. Donostiako Udalak sari hau ematea paregabea da guretzat, baina Gipuzkoako boluntario guztiei eskaini nahi diegu.
San Sebastian bezpera eta eguna nola biziko duzue?
Parte Zaharrekoa naizen arren, Amara Berrin ospatzen dut San Sebastian eguna. Ikasbide elkartearen danborradan ateratzen naiz. Niretzako berdina izango da dominarekin ala gabe. Bezperan afaria egingo dut lagunekin, eta San Sebastian egunean 17:00etatik aurrera aterako gara Amara Berriko kaleak alaitzera. Aldiz, Parte Zaharrera ez naiz hurbilduko. Duela bost-sei urte utzi nion bandera jaitsierara joateari, jendetsuegia bihurtu delako.