Zabalik dago mintzapraktika eta zaletasunak uztartzen dituzten taldeetan izena emateko epea
Mintzapraktika eta zaletasunak uztartzen dituzten taldeetan izena emateko epea zabaldu du Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak. Aurtengo hainbat mintzapraktika talde irailean hasi ziren martxan, eta euskara praktikatzeko espazioak eskaintzen ditu egitasmoak, zenbait helbururekin: parte hartzaileak euskararen erabileran trebatzea, hitz egiteko galdutako ohitura berreskuratzea eta euskarazko harreman berriak egitea, besteak beste. Hainbat talde irailean hasi baziren ere, aukera dago talde berriak sortzeko eta zaletasun berriak proposatzeko.
Izan ere, garai batean soilik mintzapraktika egiten bazuten ere, azken urteotan saio horiek zaletasunekin uztartzen dituzte parte hartzaileek. Euskal Herrian zehar asko dira horrela sortu diren taldeak: kakorratz taldeak, eskalada taldeak, bizikleta taldeak, mendi taldeak, boxeo taldeak… parte hartzaileei gehien gustatzen zaiena mintzapraktikarekin uztartu eta asteroko zitari motibazio gehigarri bat jartzen diote horrela.
Ikasturte honetan, Eta euskaraz egiten badugu? lemapean kaleratutako kanpainan, zaletasunen inguruko taldeak sortzeko deia egin zen. Dei horri erantzunez, hainbat dira herri ezberdinetan martxan jarritako taldeak. Horren adibide da, adibidez, Hondarribian udal liburutegiarekin batera martxan jarri duten irakurketa eta mintza tailerra. “Talde honen helburua irakurzaletasuna eta hizkuntzaren praktika uztartzea da, jada martxan dauden literatura taldeetako testuak zailegiak egiten zaizkien herritarrentzat aukerak sortuz. Horretarako, irakurketa errazerako sortutako liburuak irakurriko dituzte saioetan, ulermena eta hiztegia landuz eta harreman sareak euskaraz eraikiz”, azaldu du Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak.
Taupa Euskaltzaleen Mugimendua
2024ko abenduan Euskaltzaleen Topagunea, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua izatera pasa zen. Taupak euskararen erabilera biderkatzeko baldintzak sortzea du erronka nagusi, datorrena “erabileraren aroa” izan dadin. “Mintzapraktika horretarako egitasmo gakoa da, izan ere azken 30 urteotan euskaraz lasai eta eroso aritzeko guneak eta uneak sortu ditu, euskal hiztunak ahaldundu eta hizkuntzaren erabilerarako pausu hori ematen lagunduz”, adierazi dute.
Tokian toki zein nazio mailan norbanakoak aktibatzeko gaitasuna duen egitasmoa da eta, geroz eta gehiago, bakoitzak ahal eta nahi duen heinean parte hartzeko formulak proposatzeko helburua duena. Webgune honetan dago mintzapraktika talde berriak sortzeko eta zaletasun berriak proposatzeko informazio guztia.