Kalerik kale eta auzorik auzo, danborra joaz
San Sebastian egunean pentsatzerakoan, burura etortzen diren lehenengo irudiak bandera igoeran goraino beteriko Plaza Berrikoak eta Parte Zaharreko eta Erdialdeko kaleak egun osoan zehar betetzen dituzten danborrada amaigabeenak izango dira. Ordea, hori baino askoz gehiago dira sansebastianak, hiriko auzo gehien-gehienetara heltzen den jai bakarra baita. Grosen, Ibaetan, Martutenen eta Altzan nola bizi duten ezagutzeko aukera izan dugu, protagonisten ahotik.
Sebastian izeneko santu bat badela zeruan dio San Sebastian martxa-k eta Donostia bat bakarra dagoela munduan. Ausardia litzateke Raimundo Sarriegi eta Serafin Baroja ezeztatzea, baina, tira, onartuko dugu munduan bakarra den Donostia honen barruan badirela hainbat Donostia, ezta? Auzo bakoitzeko bat, gutxienez. Urte osoan zehar nabaritzen den zerbait da hori, eta San Sebastian eguna ez da gutxiago izango, noski.
Hain zuzen ere, auzo gehien-gehienetan dago danborradaren bat —Igeldo, Ulia eta Zubieta dira salbuespen bakarrak—, eta, beraz, esan daiteke hiri osora heltzen den jai bakarra dela Donostiako egun handia. Erdigunetik harago, zoazen hiriko txokora zoazela, ia edozein ordutan, jaia modu batean edo bestean bizitzeko aukera izango duzu, danbor eta upel hotsen erritmora.
Horren erakusgarri dira, besteak beste, danborraden inguruko datuak. Donostia Festak udal erakundeak zazpi zonatan ditu banatuta hiritik ibiliko diren helduen 167 danborradak (iaz baino zazpi gehiago): Altza-Bidebieta-Intxaurrondo eremuan, 20; Amara-Morlans-Loiolako Erribera eremuan, 24; Antigua eremuan, 30; Erdialdea eremuan, 32; Gros eremuan, 25; Loiola-Egia-Martutene eremuan, 10 eta Parte Zaharra eremuan, 26.
Eremu guztietan, 1.000tik gora dira danborradaren batean parte hartzen duten auzotarrak eta ehunka dira, halaber, auzo guztietan danborradak ikustera kalera ateratzen direnak. Eta txikitatik dator San Sebastian egunarekin harremana, donostiar gisa ez ezik, baita auzotar gisa ere, hiri osotik iristen baitira Alderdi Ederrera haur danborradan parte hartzen duten 45 danborradak.
Bandera igoeratik bertatik
Parte Zaharreko Plaza Berriko bandera igoera jendetsuaz harago, beste bandera igoera asko daude hirian barreiatuta, Parte Zaharrean eta Erdialdean gertatzen den moduan, ez baitira gutxi auzoetan gaueko hamabietan jotzen hasten diren danborradak. Hori da, hain justu, 1986an jaiotako Altzako Koxkorra danborradaren kasua: «Danborradako kide asko Unxama tabernan elkartzen gara San Sebastian bezperako afaria egiteko, eta, afalostean, gure bandera igoera propioa egiten dugu taberna dagoen plazan: inguru guztia globoekin eta bestelakoekin apaintzen dugu eta, hamabietan puntuan, martxaren erritmora igotzen dugu bandera», azaldu du upelen zuzendari Maria Jose Azpeitiak (Pasai San Pedro, 1967). Bitxikeria gisa, aipatu behar da Azpeitia izan zela Donostiako danborrada misto bat zuzendu zuen lehenengo emakumea, pasaitarrak berak nabarmendu duenez.
«25. urteurrenean, kanoi bat alokatu genuen eta Harria parkean ibili ginen kanoikadak botatzen»
Maria Jose Azpeitia, Altzako Koxkorra danborrada
Martutenen ere bandera igoera propioa egiten du 1993an jaiotako auzoko danborradak, baita txoko berezi batean egin ere. Izan ere, zendutako Martuteneko Danborradako kideen omenezko monumentua dago auzoko parkean, danbor baten eskulturarekin eta zendutakoen omenezko plakekin. «23:45ean elkartzen gara parkean, dagoeneko gurekin ez dauden kideen eta ikustera etortzen den auzoko jendearekin batera, eta, hamabietan, jotzen hasten gara. Gure bandera igoera propioa egiten dugu, Donostiako banderarekin eta ikurrinarekin. Familia baten modukoa da gure danborrada», azaldu du Tania Manchado (Martutene, 1986) danbor jotzaileak.
Martutenekoek, gauean desfilatzeaz gain, arratsaldean ere desfilatzen dute auzotik: «Hasieran, bandera igoera eta bandera jaitsiera egiten genituen, baina duela urte batzuk erabaki genuen bigarren txanda arratsaldera aurreratzea, auzoko haurrek eta familiek ere ikusi ahal izan gaitzaten eta arratsaldez ere auzoa girotzeko. Arratsaldean, gainera, ikastolako haurrek oraindik jantziak eta danborrak dituztenez, gurekin jotzera animatzen ditugu, eta polita izaten da auzoan sortzen den giroa». Manchadok Lizeaga sagardotegian afaldu ohi du jotzera joan aurretik, eta handik soldaduz jantzita ateratzen da, jai giroan murgiltzeko prest: «Sagardotegian egoten den jendeak beti esaten du, ‘badoa Martu-koa!’», kontatu du, barrez.
Ibaeta da bandera igoera propioa duen beste auzoetako bat: «Illarra Berri inguruan, taberna batean euren bandera igoera propioa egiten dute, giro ederrean. Beti afaltzen harrapatzen nau, baina badakit giro polita egoten dela», kontatu du 1956an jaiotako Ibaetako Danborradako danbor nagusi Juan Ignacio Furundarena Furun-ek (Ibaeta, 1961). Hain zuzen ere, danborrada horrek goizean jotzen du auzoan barrena: «Denetik daukagu danborradan: lo gutxi eginda edo lo egin gabe datorren jendea, familiak, eta abar. Kantinerak eta gastadoreak oso gaztetatik ateratzen dira gurekin, eta, horregatik, familia bereko hiru belaunaldi edukitzera iritsi gara danborradan aldi berean parte hartzen».
Ibaetako Danborradaren izaera argi dauka Furunek: «Gure berezitasun nagusia da danborradaren atzean ez dagoela elkarterik, auzoa baizik; danborrada auzoarena da. Auzotarrek dirua jarrita sortu zen, duela 70 urte, eta ahalik eta diru gutxien jartzen saiatzen gara, danborrada herrikoia delako gurea. Hain zuzen ere, materiala parrokiako sotoetan gordetzen dugu; apaizak esaten zuen auzoa egin nahi zuela, eta konbentzitu genuen materiala gordetzeko txokoa uzteko».
«Apaizak esaten zuen auzoa egin nahi zuela, eta konbentzitu genuen materiala parrokian gordetzen uzteko»
Juan Ignacio Furundarena ‘Furun’, Ibaetako Danborradako kidea
2016an sorturiko Groseko Donosti Dolphins da goizean zehar jotzen duen beste danborradetako bat, baita xelebreenetariko bat izan ere: «Pakito izurdetik dator gure izena, eta maskota gisa ere badugu. Jendeari grazia egiten dio auzotik izurde bat dantzan ikusteak, danborradaren ohiko doinuak entzuten dituen bitartean», azaldu du Kizkitza Razkin kideak (Egia, 1992).
Goizean jotzen duten danborradetan ohikoa den moduan, Razkinek dioenez, «batzuk azaltzen dira pare bat ordu lo eginda edo lo egin gabe, horrek ere badauka bere xarma batzuentzat». Berak, aldiz, nahiago izaten du deskantsatuago iritsi danborradaren irteera ordura, ondoren elkarrekin bazkaltzeko ohitura baitute Dolphinsekoek: «Sagardotegira joan izan gara, baina, azkenaldian, Molly Malone hartzen dugu elkarrekin bazkaltzeko. Bazkarira joatea eta bandera jaitsierara arte aguantatzea gustatzen zait, beraz, bezperan goiz joaten naiz etxera», kontatu du Razkinek. Aurten, gainera, Plaza Berriko oholtzan egongo da bandera jaitsieran, bera izango baita izen bereko saskibaloi taldearen danborradaren ordezkaria. Horrez gain, berritasun bat kontatzeko probestu du Razkinek: «Gastadoreak izan beharrean, xalabarderoak izango ditugu aurten: jantzi berezia eramango dute eta arrantzarekin lotutako objekturen bat: sarea, saskia edo dena delakoa.
Momentu eta istorio berezi horiek
San Sebastian eguna bizitzeko hamaika modu dauden heinean, auzo eta danborrada bakoitzak bere berezitasun eta une berezi horiek ditu jaiak irauten dituen 24 ordu horietan zehar. Ibaetakoen kasuan, esaterako, danborradaren amaiera da euren momentu berezienetako bat: «Auzo osotik gora eta behera lau orduz ibili ondoren, parrokian jotzen amaitzen dugu, baina parrokia barruan! Musikariak beti presa sartzen edukitzen ditugu ordurako, baina polita izaten da hor barruan jotzea, eta jende asko egoten da barruan gu ikusteko zain», kontatu du Furunek, barre artean. «Matiako zaharren egoitzaren aurrean jotzen dugun unea ere berezia da, bertan dauden aitona-amonek danborrada ikusteko aukera izaten dutelako horri esker», gaineratu du.
Hala ere, Antigua ondoan edukita eta bertan sansebastianen bueltan jaiak ospatuta, San Sebastian eguna nagusiki Antiguan bizitzen dutela aitortu du danbor nagusiak, Ibaetan jotzen aritzen diren tartea kenduta: «Azken finean, Antiguarekin oso lotuta gaude; badago gure danborradan eta Antiguako besteren batean jotzen duen kideren bat, esaterako. Betidanik, auzoko jendeak San Sebastian eguna Antiguan bizi izan dugu, parranda han eginez, eta abar. Hala ere, auzoa auzoa da!».
Martutenen, hildako kideen ondoan jotzen hastea da une hunkigarrienetako bat, baina bada beste une berezirik ere, Manchadok azaldu duenez: «Arratsaldeko txandan, kartzelatik abiatzen gara, eta espetxearen alde bakoitzean geldialdi bat egiten dugu. Horrela, barruan daudenek ere entzun ditzakete danbor eta upel hotsak, alaitasun pixka bat izan dezaten beraiek ere egun horretan». Eta, noski badute urtero gogoratzen duten istoriotxoren bat edo beste: «Duela pare bat urte, danborradako kide bat ibaira erortzeko zorian egon zen; beste batek heldu zuelako, bestela… Eta, beste urte batean, emakume bat erori egin zen auzoan jartzen genuen oholtzatik; sekulako kolpea hartu zuen, baina ez zen ezer larria gertatu. Jai giroan gertatzen dira horrelakoak, denetik dago familia guztietan!», kontatu du danbor jotzaileak.
Grosi dagokionez, danborraden artean duten harremanaz mintzatu da Razkin: «Beste danborrada batekin gurutzatzen baldin bagara, piezaren bat elkarrekin jotzen dugu askotan edo, bat mugimenduan badago eta bestea geldirik, geldialdia egiten ari denak pasilloa egiten dio besteari. Errespetu handiz, beti». Hortik harago, baina, «martxa itsasora begira jotzea» da Dolphinsekoarentzat une «enblematikoenetako bat»; Dolphins deituta eta Grosekoak izanda, ezin zen bestela izan.
«Beste danborradaren batekin gurutzatzen bagara, piezaren bat elkarrekin jotzen dugu edo pasilloa egiten diogu»
Kizkitza Razkin, Groseko Donosti Dolphins danborradako kidea
Altzakoentzat ere asko dira sansebastianetan bizi dituzten momentu bereziak, baina bat nabarmendu du Azpeitiak: «01:30ak aldera, Harria parkera heldu ohi gara, eta bertan elkartzen gara Jolastokieta eta Boskotarrak danborradekin, eta hainbat abesti jotzen ditugu elkarrekin; oso polita izaten da»; antzeko zerbait egiten dute, baita ere Amara Berriko hainbat danborradek, arratsaldean Ferrerias plazan elkartzen direnean.
Bide batez, Jolastokietakoekin eztabaida sano bat izaten dutela gogoratu du upelen zuzendariak: «Lehen, Boskotarrak zen auzoko danborrada bakarra eta gero gu hasi ginen, nahiz eta Jolastokietakoek dioten beraiek hasi zirela gu baino lehenago [barrez]». Danborradaren 25. urteurreneko bitxikeria bat ere gogoratu du Azpeitiak: «Kanoi bat alokatu genuen; hori izan zen aukera hori eskaini zuten azken urtea. Harria parkean jarri genuen eta han ibili ginen kanoikadak botatzen». Altzako Koxkorraren izenari buruz galdetuta, bestalde, umorez azaldu du nondik datorren: «Sortu genuenean, koxkorrak ginelako jarri genion izen hori. Orain ez gara horren koxkorrak, baina, tira».
Auzoan ospatu, auzoaz harro egoteko
San Sebastian eguna bizitzeko modu guztiak eta istorio eta bitxikeria guztiak kontatzeak hainbat liburutarako emango luke. Ordea, argi dagoena da hiriaren erdigunean ederki bizi daitekeela jaia, baina baita auzo gehien-gehienetan ere. Eta, noski, bizitzeko bi moduak ere uztartu daitezke, zure auzoko danborradaren batean joz edo ikustera joanez eta, aldi berean, Parte Zaharrera edo Erdialdera joanez, hango giroan murgiltzera.
«Oilo ipurdia jartzen zait. Auzo harrotasuna sentitzen dut San Sebastian egunean»
Tania Manchado, Martuteneko Danborradako kidea
Donostiako egun handia auzoan bizitzeak, baina, badu xarma berezi bat: «Dena Donostian egiten da, baina San Sebastian eguna auzo guztietan ospatu behar da, garrantzitsua da», dio Azpeitiak. Furunentzat, ez dago jaia bizitzeko beste modurik: «Eguna auzoan bizitzea handia da niretzat, beti egin dudan zerbait da, eta ez dut eguna irudikatzen auzoko danborradan jo gabe». Eta, ildo beretik jo du Manchadok: «San Sebastian eguna auzoan bizitzea zer den… hitzak jartzea oso zaila da niretzat. Urtero ateratzen zait malkoren bat, bereziki, danbor nagusiak bandera igoeran martxa jotzen hasteko agindua ematen duenean; oilo ipurdia jartzen zait. Auzo harrotasuna sentitzen dut San Sebastian egunean».