«Orixekoa izan zen urketaria atera zuen lehen haurren danborrada»
25 urte beteko ditu Orixe ikastolako haur danborradak aurten. Josune Aranburu danborradaren sorreran egon zen, eta ordutik, antolakuntzan jarraitzen du, urtez urte. Urteurrena ospatzeko, ikastolako ereserkia danborradan jotzeko moldatu dute.
25 urte bete ditu Orixe ikastolako haur danborradak. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
Mende laurdena betetzeak suposatzen du denbora asko pasatu dela, baina azkar pasatzen dela ere bai. Egia esan, gustuko lan bat egiten dugu, eta badaude lanpetuta aritzen garen egunak ere, baina 25 urte azkar pasatu dira, bai.
Zuk sortu zenuen haur danborrada hau. Nolatan?
Orixe ikastola 1968an sortu zen, eta danborradarik ez zuenez, eta Donostian danborrada jotzeko zaletasun handia dugula ikusirik, pentsatu genuen gure haurrek ere izan zezaketela haur danborrada bat. Horrela, guraso batzuk hasi ginen mugitzen, baina arazoa zen jantziak eta danborrak behar genituela, eta horrek gastu handi bat suposatzen zuela.
Nola lortu zenituzten?
Orain Donostia Festak denak, garai batean, CAT izena zuen. Haiekin harremanetan jarri ginen, eta gordetegian utzitako jantzi batzuk eskaini zizkiguten. Jantzi horiek ziren, alde batetik, Escuelas de Amararenak —Urbieta kalekoa— eta bestetik, Andoaingo ikastetxe batekoak. Jantzi berdinak ziren, eta ikusi genuen posible zela horiekin aurrera egitea. Danborrei dagokionez, burura etorri zitzaidan urte batzuk lehenago Lizeo frantsesa itxi egin zutela, eta bertako irakasle izandako batekin hitz egin nuen. Proposatu zidaten danbor horientzako aurrekontua guk egiteko, eta merke erosi genituen. Danborrez gain, han zeuden beste gauza batzuk ere ekarri genituen, eta oso ondo portatu ziren gurekin. Horrela, ilusioz beteta jarri ginen haur danborrada prestatzen.
2001ean, danborrada lehen aldiz ateratzeaz gain, pertsonaiak ere tokatu zitzaizkizuen.
Haur danborradarako bilera bat izaten da, eta zozketan, pertsonaiak guri tokatu zitzaizkigun. Une batez, zalantza egin genuen onartu ala ez, baina berehala erabaki genuen baietz, guztiarekin aurrera egingo genuela. Horrela, dena borobildu genuen; izan ere, orain pertsonaiak aldatu dira, baina orduan ziren Easo Ederra, jenerala, jeneral ordezkoa, palafrezainak… Eta, orain, handitu da ikastola, baina garai hartan haur gutxiago ziren, eta hala ere, lortu genuen danborrada aurrera ateratzea, 80 ikasle ingururekin.
Zergatik erabaki zenuen urtez urte antolakuntzan jarraitzea?
Nire alabek eskola amaitu zutenean, antolakuntzan jarraitu nuen. Gainera, beranduago, ikastolako jangelan hasi nintzen lanean, eta lotuta jarraitzen nuen ikastolarekin. Gainera, ilusio handia egiten dit, eta inoiz ez didate ezetzik esan. Beraz, onartzen nautenez, etorri eta lagundu egiten diet. Onartzen nauten bitartean, etortzen jarraituko dut.
Nola eboluzionatu du Orixeko danborradak urte hauetan guztietan?
Alde batetik, neskak danborradan onartuta zeudela ikusita, CAT-i proposamen bat egin nion. Izan ere, neskak militarrez jantzita ateratzen ziren danborradan, eta nik proposatu nuen neskak urketariz jantzita ateratzea; XVIII. mendeko jantziekin. Izan ere, danborradako gure jantziak XVIII. mendekoak dira, eta nahiz eta proposamena egin nuenean jendea nahiko itxita egon proposamen berriei, CAT-ek onartu zidan nik eskatutakoa. Horrela, 2003an, urketariarekin atera ginen, eta uste dut lehenengoak izan ginela urketariz jantzita ateratzen. Beste zerbait aipatzeagatik, Groseko kaldereroek ikerketa bat egin zuten, eta Jose Juan Santestebanen musika batzuk egokitu zituzten danborradarako, eta horiek ikasi genituen. Gerora, onartu egin zituzten haur danborradan jotzeko. Bestalde, duela sei edo zazpi urte, sukaldariak ere sartu ziren gure danborradan. Horretara ere animatu ginen, eta DBH-koek janzten dute orain sukaldari jantzia. Horrela, errepresentazio guztia eramaten dugu.
Jendeak kexa adierazi zuen neskak urketariz jantzita ateratzeagatik?
CAT-ek ez, baina haur danborradaren aurkezpenera joan ginen, eta erabaki genuen haur bat urketariz jantzita eramatea. Antzoki Zaharrean sartzeko zain geundela, beste ikastetxeetako batzuk etorri zitzaizkidan kexatzera. Baina bueno, ez nien kasu gehiegirik egin. Gainera, hurrengo urtean, ikastetxe gehiago ere atera ziren urketariekin.
«Alderdi Ederren beti behealdean egon izan gara, baina aurten, postuz aurreratu dugunez, balkoian egongo gara»
Eta antolakuntza nola aldatu da?
Urte hauetan, guraso asko pasatu dira antolakuntza taldetik, eta beti zegoen bakarren bat hurrengo urtean etorriko zela esaten zuena. Batzuek jarraitu izan dute urtetan, eta asko eskertu diet. Borondatez egiten den gauza bat da, baina, batez ere, ilusioa egiten du.
Nola bizi duzu San Sebastian eguneko haur danborrada?
Emozio handiz. San Sebastian martxa hasten denean, ikaragarri emozionatzen naiz. Gainera, aurten, udaletxeko balkoian egotea tokatzen zaigu. Beti behealdean egon izan gara, zaldiko-maldikoaren inguruan, eta aurten, postuz aurreratu dugunez, balkoian egongo gara.
Zenbat ume aterako dira aurten Orixeko danborradan eta nola ospatuko duzue 25. urteurrena?
Urtetik urtera gehiago dira, eta aurten 124 haurrek hartuko dute parte. Urteurrena ospatzeko, pentsatu dugu Orixe ikastolaren ereserkia jotzea danborradan. Abestia danborrez jotzeko prestatu dugu, eta haurrek oso ondo erantzun dute. Urtero, Urgulletik jaisten gara, eta Euskal Billerakoak egoten dira Gaztelubideren aurrean. Urtero, martxa pare bat jotzen ditugu haiekin, eta aurten, bertan joko dugu ereserkia.