«Saltsa batek osagai asko behar dituela uste dut, eta bizitzak ere bai»
Askatuak saskibaloi taldearekin 50 urteko bide emankorrari esker jasoko du domina Iñaki Almandozek. Halere, hiriari bestelako ekarpenak egin dizkio.
![InakiAlmandoz](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2024/11/inakialmandoz.jpg)
Hiritar Merezimenduaren Domina jasotzeak zer esan nahi du zuretzat?
Albistearen berri izatean, nire emaztea etorri zitzaidan burura. Asko zor diot, nire konpromisoengatik bakarrik uzten nuelako seme-alabekin. Seguru nago ez zela erraza izan harentzat, beraz, eskerrak berari eman behar dizkiot. Emozio pixka bat ere sentitu nuela aitortu behar dut. Benetan ederra da halako errekonozimendu bat jasotzea.
Bestalde, bi gauza aipatuko nituzke. Batetik, bila ibili gabe jasoko dudan aitortza bat da. Bestetik, neurri batean Donostiaren eta Gipuzkoaren alde lanean aritzeko konpromisoa indartzen dit.
Zure alorretik zein da hiriari egindako ekarpena?
Saltsa askotan sartuta ibili naiz, eta oraindik batzuetan banabil. Izan ere, saltsa batek osagai asko behar ditu, eta bizitzak ere bai. Hiriari begira, Askatuak saskibaloi taldeko presidente gisa naiz ezaguna. Ordea, nire bizitzan betidanik saiatu naiz saskibaloiaz haragoko egitasmoak aurrera eramaten. Esaterako, Gaspar Errege Mago gisa 26 urte daramatzat, eta kabalkadako beteranoena naiz.
San Sebastian bezpera eta eguna nola biziko duzu?
Batetik bestera ibiltzen naiz beti, gelditu gabe, baina asko gozatzen dut. San Sebastian eguneko bezperan, domina jasoko dut udaletxean, eguerdi partean. Aldiz, gauerdian, Gaztelubiderekin batera izango naiz Plaza Berriko oholtzan danborra jotzen. San Sebastian egunean, berriz, Gizartea konpainiarekin aterako naiz.