«San Sebastian eguna kontatzetik, protagonistak izatera pasatu gara»
Mendeurrena ospatuko du aurten Radio San Sebastian irrati kate aitzindariak. 100 urteko ibilbidea domina batekin sarituko diete.
Hiritar Merezimenduaren Domina jasotzeak zer esan nahi du zuentzat?
Irrati kateak 100 urte bete ditu, eta 2025. urtea berezia izango da guretzat. Radio San Sebastian aitzindaria da Donostian, hiriko, Gipuzkoako eta Euskadiko lehen irratia izan zelako. 100 urte geroago, audientzia datuek diote erreferenteak garela, eta domina jasotzeak agerian uzten du egindako lanak merezi izan duela. Hori posible izan da etxe honetatik pasatu diren profesional guztiei esker.
Zuen alorretik zein da hiriari egindako ekarpena?
Esan moduan, aitzindariak izan gara San Sebastian egunaren kontakizunean, baina baita ere Kontxako estropaden, Donostiako Zinemaldiaren eta Jazzaldiaren berri ematen, besteak beste. San Sebastian eguneko ekitaldi guztiak kontatzetik, protagonistak izatera pasatuko gara. Sentsazio arraroa sortzen digu horrek.
San Sebastian bezpera eta eguna nola biziko duzue?
Lanean ospatuko dugu, ez dugu besterik. Ekitaldi guztietan egongo gara, eta ezingo dugu behar bezala ospatu. Gainera, Aimar Bretos etorriko da bandera igoeraren kontaketa egitera. Aurrerago, lankideok ospatzeko asmoa dugu. Niri gustatuko litzaidake banderaren igoeran eta Urrezko Danborraren ekitaldian egotea.