Tradizio baten azken katebegiarena
LAS NOVIAS DEL SUR
Zuzendaria: Elena Lopez Riera · Urtea: 2024 · Herrialdea: Espainia · Saila: Zabaltegi – Tabakalera
Zatituriko argazkiek osatzen dute Elena Lopez Rieraren filmeko iruditegiaren zati handi bat. Zuzendariaren amarenak dira aurkezten dizkigun lehenak, ezkontza egunekoak: soineko krepatua, deigarri margoturiko begi batzuen keinu bizia eta moztear dagoen eztei tarta. Segidan, egoera berdinean dauden beste hainbat emakume: aurpegiko jarrera desberdina da horietako bakoitzean: poza, urduritasuna, izua…
Eta hitzak ere bai. Emakume heldu batzuek ezkonbizitzaz, beren lehen aldiaz eta sexualitatearekin (izan) duten harremanaz hitz egingo diote kamerari. Argazkiekin bezala, denetariko kontakizunak bildu ditu zinemagileak: badira zoriontsuak, bizitza betea dutenak, badira damutuak eta baita etsiturik bizi izan direnak; amore eman dutenak eta sinesten jarraitzen dutenak.
Baina zein da helburua? Film enigmatikoa aurkeztu du Lopez Rierak, txikia, galdera mordo batean oinarrituriko (des)eraikuntza prozesu bat bezalakoa. (Des)eraikuntza, bai, baina zerena? Seme-alabarik ez duen emakume ezkongabearen talaia propiotik, zuzendariak ezbaian jarriko du zaharkitua deritzon erritu tradizional horren balioa. Bere kasuan, bederen, bera izango baita ama-alaben arteko harreman kate bat iraungi egingo duen katebegia.
Zer gertatzen da garai hartako ezkontideekin, denboraren buruan, ia denak etsiturik badaude? Nolakoak ziren harreman horiek? Zerk bultzatu zituen bizitza eredu hartara? Zergatik utzi zioten gehienak, soineko zuri baten jabetza hartzerakoan, bere buruen jabe izateari? Arau sozialaz edo politikoaz harago, ba al da autosuntsitzailetik emakume horien eraikuntza propioan?
Galderak, galderak eta galderak. Eta tradizioa, auzitan.