Merezitako aitortza eta domina
Mestiza elkarteak, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, Radio San Sebastian irrati kateak, Iñaki Almandoz Askatuak-eko presidenteak eta Kontxu Uzkudun moda diseinatzaileak jaso dute oroigarria, udaletxean.
San Sebastian egunaren bezpera da gaur, eta festa lehertu baino lehen, Donostiako norbanako eta elkarteei hiriaren alde eta komunitatearen alde egindako lana aitortu eta eskertu diete Hiritar Merezimenduaren Dominen bidez. Aurtengo omenduak Mestiza elkartea, Gipuzkoako Elikagaien Bankua, Radio San Sebastian irrati katea, Iñaki Almandoz Askatuak-eko presidentea eta Kontxu Uzkudun moda diseinatzaileak izan dira.
Eneko Goia alkateak ekitaldiaren hasieran nabarmendu duenez, Hiritar Merezimenduaren Dominak emateko ekitaldia “emozioz betetakoa” izaten da. “Udalak, hiriak, bere alde lan egiten duen jendea eta elkarteak saritzen ditu. Gaur domina jasoko duzuen guztiok zarete gure hiriaren alde lan egin duzuen pertsona eta elkarteak, eta horrek egin zaituzte domina hau jasotzeko gai”, nabarmendu du Goiak. Horrez gain, gaurko omenduei eskerrak eman dizkie alkateak hiriaren izenean, eta gaineratu du espero duela Donostiak “luzaroan” kontatzen jarraitzea beraien lanarekin.
Mestiza elkartea, aniztasun kulturala helburu
Ana Molina Mestiza elkarteko presidentea izan da domina jasotzen lehena. Mestiza elkartea Donostiako irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, 2008an sortutakoa, proiektu artistikoak eta soziokulturalak sustatu eta garatzea eta gure inguruko aniztasun kulturala islatzea helburu duena. Hasieratik, artearekin, kulturarekin, haurrekin, irakurketaren sustapenarekin, ingurumenarekin, kultur aniztasunarekin eta gizarte berrikuntzarekin konpromisoa du. Mestizak euskal kultura eta munduko kultura ezberdinak sustatzen ditu hainbat jarduera multikulturalen bidez, elkartearen helburuekin bat datozen jarduerak egiten dituzten elkarte, erakunde publiko edo pribatuekin elkarlanean.
Molinak berdintasunean oinarritutako Donostia baten aldeko aldarria egin du: “Gure azalaren kolorea, jatorria edo hizkuntza oztopo ez diren hiri bat nahi dugu, eskubide berdinak izan ditzagun herritar guztiok. Kulturen arteko bizikidetza armoniatsua izatea nahi dugu, eta aniztasun kulturala egunerokotasunean txertatuta egotea”.
Gipuzkoako Elikagaien Bankua, boluntariotza oinarri
Gipuzkoako Elikagaien Bankua ere irabazi asmorik gabeko elkartea da, apolitikoa, akonfesionala eta 1997an Gipuzkoan jaiotako boluntariotzan oinarritua, egoera zaurgarrian dauden elikagai premiei erantzuteko, elikagaien galera eta xahutzea prebenitzeko eta gizarteak misio horren inguruan duen elkartasuna sentsibilizatzeko eta suspertzeko.
Belen Mendez de Vigo presidenteak jaso du domina, eta Elikagaien Bankuak aurrera egin dezan, herritarren laguntza eskatu du: “Orain arte bezala laguntzen jarraitzeko eskatzen dizuegu, eta oxala egunen batean gure lana beharrezkoa ez izatea, inork behar ez duelako. Onena izango litzateke gure lana beharrezkoa ez izatea, baina bitartean, lanean jarraituko dugu, ez egin zalantzarik”.
Kontxu Uzkudun, emakumeek egin eta zuzendutako moda
Kontxu Uzkudun Minimil moda enpresaren jabea eta diseinatzailea da. Uzkudunek jostun lanbidea ikasi zuen Pilar Usarraga Cristobal Balentziagaren ikaslearen tailerrean. Bere lehen boutique-a, Daros, Ondarreta inguruan inauguratu zen 1977an, eta, 1980an, bere bildumak aurkezten hasi zen Cibeles eta Donostiako Modaren Astea bezalako pasareletan. Ondoren, Minimil enpresa sortu zuen 1987an. Sortu zenetik, emakumeek zuzendu eta kudeatu dute enpresa, eta lanean emakumearen autonomia eta eskubideen defentsaren erreferentea izan da.
Uzkudunek moda “kultura” dela aldarrikatu du: “Gure hiria oso ederra da, baina duela hamarkada batzuetatik, bere espazio publikoak produktu merkeei eta kontsumo azkarreko produktuei men egiten die. Hau da, pertsona eta gure espazio publikoa sorgortzen eta kulunkarazten duten objektuen presioari men egiten die. Desiragarria litzateke gure estiloa, diseinua, lasaia eta zaratarik gabekoa, gure arteko errespetua eta bizikidetza bultzatzen dituena, gure hiria kudeatzen eta pentsatzen duzuenok ere onartzea”.
Iñaki Almandoz, taldea defendatzeko indarra
Iñaki Almandozek 36 urte daramatza Askatuak klubeko presidente lanetan. 1975ean sortutako kluba prestakuntza kategoria guztietan ari da lanean, baita profesionaletan ere, saskibaloiaren praktika sustatzeko eta saskibaloi ez profesionalean erreferente izateko.
Ekitaldian, Almandozek gogoan izan ditu bere inguruan zendutako pertsonak, eta domina Karmeleri, bere emaztea zenari, Aitzol eta Itziar seme-alabei eta beraien bikoteei eta bilobei eskaini die. Baita gainerako familiako kideei eta lagunei ere.
Gainera, Askatuak sortzen lagundu zioten kideak ere goraipatu nahi izan ditu dominarekin: “Askatuak saskibaloi taldeak zutik jarraitzen du, eta 50 urteren ostean, ilusioz jarraitzen du, taldetik 10.000 gazte donostiar baino gehiago, ehunka entrenatzaile eta hamarnaka zuzendaritza taldeko kide pasatu ondoren”.
Radio San Sebastian irratia, 100 urtez uhinetan
Azkenik, Ser irratiaren parte den Radio San Sebastian irratiak 1925eko urrian abiatu zuen bere ibilbidea, eta, beraz, 2025ean mendeurrenarena ospatuko du. Hiriko lehen irratia izan da, eta haren lehen emisore ekipoa, hiru kW-eko potentzia zuen Western Electric Company estazio zaharra, Igeldo mendian instalatu zuten. Irratiaren antena Donostiako badiaren estanparen zati izan da ordutik.
Oscar Tellez irrati horretako zuzendariak jaso du domina, eta honakoa adierazi du: “Zehaztasun handiz informatu izan dugu beti. Hemen izan gara danborrada bakoitzean, Realaren partida bakoitzean, Kontxako estropadetan, Zinemaldian, Jazzaldian, Musika Hamabostaldian… Hiri honetako bizitzaren parte gara, eta horrek harrotasunez betetzen gaitu. Radio San Sebastianek, mende batez, komunitatea egiten lagundu du, eta baita Donostian gertatzen dena hiritik eta Gipuzkoatik haratago kontatu ere: gure garaipenak, ohiturak eta tradizioak, Donostiako esentzia galdu gabe”.
Ekitaldia amaitzeko, bi dantzarik agurra eskaini diete omenduei, eta azkenik, San Sebastian martxa abestu dute denek elkarrekin. Dominak banatuta, San Sebastian eguna gero eta gertuago dago, eta gauerdian, bandera igoerarekin lehertuko da jaia.
Irudi bilduma osoa jarraian ikus dezakezue: