Aroztegiko auzipetuen egoeraren inguruko hitzaldia antolatu dute Donostian
Otsailaren 1eko manifestaziora Donostiatik joateko autobusa ere antolatu dute. Babes zabala jaso du deialdiak Euskal Herri osoan.
![aroztegia](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2025/01/aroztegia.jpg)
Aroztegiko Elkartasun Komiteak manifestaziora deitu du otsailaren 1erako (16:00etan, epaitegitik), Iruñean, Aroztegiko zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Gaur Iruñeko epaitegiaren kanpoaldean egin duten agerraldian azaldu dutenez, Euskal Herri osoko 139 eragileren babesa jaso du deialdiak. Hain zuzen ere, auziaren inguruko askotariko jarduerak antolatzen ari dira Euskal Herriko zenbait tokitan, tartean, Donostian.
Horrela, ostegunean (hilak 23) gaiaren inguruko hitzaldia antolatu dute Egiako kultur etxean, 18:30ean, Lurraren defentsan kriminalizaziorik ez. Aroztegia gelditu! lelopean. Era berean, otsailaren 1eko manifestazio nazionalera joateko autobusa ere antolatu dute.
Autobusa 13:40ean abiatuko da Oreretako Zumardia geltokitik, 14:00etan egingo du geldialdia Amara Berriko Xanti tabernan eta, manifestazioaren ostean, 20:00etan itzuliko da Donostiara eta Oreretara. Autobusean sartzeko, izena eman behar da, Donostiako kasuan, Groseko Marruma elkartean edo autobusairuna@gmail.com helbidera idatzita; hamabi euroko prezioa izango dute txartelek.
Hogei urte eta 56.000 euro
Aroztegia hirigintza proiektuak aurreikusten du Baztango Lekaroz herrian (Nafarroa) 228 etxebizitza, lau izarreko hotel bat eta golf zelai bat eraikitzea. Nafarroako Gobernuak proiektua UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatu zuen 2015ean eta, horrela, udalerriaren esku egotetik, Nafarroako Gobernuaren esku egotera igaro zen proiektuaren kudeaketa.
Herritar ugari proiektuaren aurka daude eta, hori dela eta, 2021ean, Aroztegia S.L. enpresaren makinak Lekaroz herriko lurretan sartu zirenean, herritar ugarik hamaika eguneko kanpaldia egin zuten, baita makinak kanporatzea eta lanak gelditzea lortu ere. Protesta ekintza horiengatik, ordea, auzipetu egin dituzte zazpi pertsona, eta, guztira, hogei urteko espetxe zigorrak eta 56.000 isunak eskatu dituzte beraientzat. Horrez gain, enpresak 43 milioi euroren kalte ordainak eskatu dizkie Espainiako eta Nafarroako gobernuei.