Bandera jaitsita, amaitu da Donostiako festa handia
Urte osoan zehar itxaron ostean, bukatu da dagoeneko 2025eko San Sebastian eguna. 24 ordu bizi eta sutsu izan dira; askori laburra egingo eguna eta beste batzuei luzea, baina alde batekoentzat zein bestekoentzat bukatu da. Gutxiago gelditzen da 2026ko sansebastianetarako.
Hamabietan puntuan hasi dira Union Artesana danborradako kideak Parte Zaharreko Plaza Berriko oholtzan San Sebastian martxa jotzen, Eneko Goia alkateak Donostiako bandera udaletxe zaharreko balkoiko mastatik jaisten zuen bitartean. Plaza jendez lepo zegoen, ohiko legez, eta jai giro apartean bizi dituzten San Sebastian egun honetako azken une horiek ere.
Bandera jaitsita ere, noski, jaiak jarraitu du Plaza Berrian, Union Artesanakoek Raimundo Sarriegiren doinuak jotzen jarraitu baitute, ohiko legez, plazan zeuden milaka herritarren eztarrien laguntzarekin.
Horrela, danbor eta upel jotzaileak oholtzatik jaistearekin batera bukatu da bandera jaitsieraren ekitaldia, baina ez jaia, milaka baitziren Parte Zaharreko kaleak eta tabernak betetzen zituzten donostiarrak. Ondo aprobetxatu behar da San Sebastian eguna, urtean behin baino ospatzen ez baita; konturatzerako, ate joka izango da 2026koa!