«Egun seinalatua eta oso maitatua izaten jarraitzen du donostiarren egutegian»
Biharamunean, San Sebastian egunaren balorazio "positiboa" egin du Eneko Goia alkateak.
Donostiako Udalak San Sebastian egunaren osteko agerraldia egin du udaletxean. Protagonista nagusiak 167 helduen danborradak eta 49 haur danborradak izan direla nabarmendu du Eneko Goia alkateak. “San Sebastian eguna girorik hoberenarekin igaro zen, eguraldi ona egin zuen egunaren zati handienean, milaka lagunek urtarrilaren 20az gozatu ahal izan zuten, eta festa izan zen jardunaldiaren protagonista nagusia”, gaineratu du Goiak.
Horrekin batera, 24 orduz hirian bizi izandako jai giroa ona izan zela adierazi du: “Egun seinalatua eta oso maitatua izaten jarraitzen du donostiarren egutegian”. Horrekin batera, belaunaldiz belaunaldi, jaiarekiko atxikimendua bere esentzia berarekin transmititzen dela” esan du: “Haur danborrada betetzen dute haurrek, nerabeek eta gazteek Konstian gozatzen dute, eta helduek gero eta gehiago parte hartzen dute danborradetan, eta egunak ospakizun osagai bat izaten jarraitzen du lagunekin eta familiarekin”.
Segurtasunari dagokionez, Goiak nabarmendu du ez zela gertakari esanguratsurik egon: “Horrek agerian uzten duela segurtasun operatiboek eta antolakuntzak bikain funtzionatu zutela”. Era berean, eskerrak eman dizkie udal langileei, Donostiako Festak-eko langileei, Udaltzaingoari eta Ertzaintzari, suhiltzaileei, zerbitzu teknikoei eta garbiketa zerbitzuei, “ehunka pertsonak egiten duten lanagatik, gainerakook egun handi batez gozatzeko aukera izan dezagun”.
San Sebastian eguneko datuak
Eguneko ekitaldirik esanguratsuenetara bertaratzea oso handia izan da aurten ere. Hala, festaren hasierak eta amaierak beti bezala bete zuten Konstituzio Plaza, baina aurtengo berrikuntza nagusia Donostiako kaian jarritako pantaila handia izan da. Bertan, 2.000 pertsonak banderaren igoera zuzenean ikusteko aukera izan zutela kalkulatzen da.
Azpimarratzekoa da belaunaldi batetik bestera aldatu egin dela igoera- eta jaitsiera-ekitaldietara joateko joera; izan ere, jaiaz gozatzeko gogoa duten gazte eta oso gazte diren pertsona asko daude ekitaldi horietan. Aipagarria da, halaber, errepertorioko hainbat abesti abesteko grina, bereziki Donostiako martxaren letra.
Telebistako publikoari dagokionez, ETBren igoeraren emanaldiak % 18,8ko audientzia izan zuen, eta 118.000 ikusle desberdinek bat egin zuten jaiaren hasierako ekitaldiaren emanaldian. Urtarrilaren 19ko 22:30etik 20ko 00:45era bitartean, 35.000 pertsonak ikusi zuten, batez beste, banderaren igoeraren ekitaldia etxetik. 00:00etan, Gaztelubidek San Sebastian Martxa interpretatu zuenean, 66.000 ikusle ari ziren ETB1 ikusten, % 15,2ko audientziarekin.
Baina ikusle gehien erakartzen dituen ekitaldia, zalantzarik gabe, haur danborrada da, eta aurten 32.000 pertsona inguruk ikusi zuten Alderdi Ederren zeuden 45 konpainietako 4.625 kideak desfilatzen.
Aurtengo edizioari amaiera emateko, 24 orduz Plaza Berrian egon den Donostiako bandera Club Vasco de Camping elkarteari ematea besterik ez da falta.