Harrera familien bila ari dira, udan Saharako haurrak etxean hartzeko
Saharako Euskadiko Ordezkaritzak aurtengo Oporrak Bakean programa aurkeztu du Aieteko jauregian, eta azaldu dutenez, uztailean eta abuztuan ume sahararrak etxean hartzeko harrera familien bila ari dira. Esperantzari leiho bat izena du aurtengo kanpainak, eta honela azaldu dute lelo hori ekitaldiaren antolatzaileek: “Ekimena egingo dugun azken uda izango denaren esperantza, Mendebaldeko Saharara aurki bueltatuko diren esperantza, herri oso baten esperantza gehien maite dutenek gurera ekarriko dutena: bakearen enbaxadoreak, haur sahararrak”. Interesa dutenek, martxoaren 15era arte eman dezakete izena, webgune honetan.
Azken hamabost urtetan 4.597 haur etorri dira EAEra. 2022an 153 haur saharar etorri ziren, 2023an 183 haur eta 2024ko udan 188 haur izan ziren. “Aurten ahalik eta ume gehienei eskaini nahi diegu aukera hau eta honek harrera familia gehiago lortzeko ahaleginetan murgiltzen gaitu. Izan familietara izan aterpetxeetara, ekin diezaiogun lanari anbizioz eta determinazioz, jakinda, lortzen dugun harrera-familia bakoitza izugarri garrantzitsua dela ume hauentzat”, azaldu du Oporrak Bakeanek.
2025eko udan harrera familiez gain, lau aterpetxe ere izango dituzte, hiru Bizkaian eta berri bat Gipuzkoan. Familien garrantziaz gain, aterpetxeek elkar zaintza komunitariotik programa honi egiten dioten ekarpena nabarmendu dute.
“Zu ere konplize izatera gonbidatu nahi zaitugu. Zu ere esperantza leiho izatera deitzen zaitugu. Zu ere harrera familia izatera deitzen zaitugu”, adierazi dute antolatzaileek.