«Demokrazia eta adierazpen askatasuna daude, baldin eta dirua badaukazu»
Joseba Alvarez eta Eñaut Alvarez aita-semeei bi urte eta erdiko, eta urte eta erdiko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete 2023ko San Sebastian bezperan, Plaza Berrian, 'Etxera' jartzen zuen pankarta bat zintzilikatzen saiatzeagatik. Bi urte geroago, urtarrilaren 29an epaiketa izango dute Donostiako epaitegian.
Zer gertatu zen 2023ko San Sebastian bezperan?
Eñaut Alvarez: Urtero bezala hainbat herritar joan ginen Plaza Berrira, euskal preso politikoak etxeratzeko pankarta jartzera. Plazan udaltzainek esan ziguten debekatuta zegoela pankartak jartzea. Pankarta jartzen saiatu ginenean gure aurka oldartu ziren, hori nahikoa ez, eta prozesu judizial bat ireki dute gu zigortzeko asmoz.
Poliziaren jarrera justifikatua izan zela uste duzue?
Joseba Alvarez: Poliziak idatzitako txosten juridikoan jasotzen dira gertakariak, eta atentatua egozten digute. Atentatua leporatzeko arrazoiari begiratuz gero, espediente judizialaren arabera, behatz bateko “azaleko urradura” egin izana leporatzen digute. Behatza ez dago okertuta, ez hautsita, udaltzainek ez dute kolperik salatzen. Txosten juridikoan urradura bat soilik dagoenean, atentatuaren akusazioa jartzeak adierazten du guk ez genuela biolentziarik erabili.
Pankartako sokarekin sokatira bat egon zelako ezarri dute hori, pankartaren soka plazatik zihoan alderik alde, gu alde batetik tiraka eta beraiek beste aldetik tiraka. Garbi gelditu da, hor egon zen eraso bakarra beraiek egindakoa izan zela, guk nahiko lan geneukan pankarta jartzearekin, ez genien eraso egin. Muntaia polizial bat antolatu dute, gertakari horrekin gu zigortzeko eta zirkuitotik kentzeko. Egia da ez geniela kasurik egin eta desobedientzia egin genuela, adierazpen askatasunarekin pankarta politiko bat jartzeko ez baita baimenik eskatu behar. Erresistentzia egin genuela onartzen dugu, baina atentatu bat egon zenik inondik ere ez.
E. Alvarez: Muntai polizial baten aurrean gauden froga da hori niretzat, eta ez da kasu isolatu bat. Behin eta berriz eduki ditu Udaltzaingoak horrelako jarrerak Donostian, momentu ezberdinetan eta askotariko pankarta eta eragileekin.
2023ko maiatzaren 18an jarri zuen Udaltzaingoak salaketa, espero zenuten?
E. Alvarez: Egun horretan bertan ez zuten inor identifikatu, ez zen atxiloturik egon. Besterik gabe, pankartaren soka moztu zuten eta guk alde egin genuen normaltasun osoz. Ikusten da intentzionalitate bat dagoela gerora prozesu bat martxan jartzearekin.
Denbora luzez dirau prozesu judizialak, nola bizi duzue?
E. Alvarez: Ez da ezer berria errepresioa gure etxean. Jende pila baten aldetik jaso ditugu babes eta elkartasun keinuak, eta hori garrantzitsua da horrelako prozesuetan bakarrik ez sentitzeko.
J. Alvarez: Donostian gertatzen dena da, Gizabideari buruzko ordenantza dagoela. Ordenantza horren 42. artikuluan argi eta garbi idatzita dago Donostian propaganda politikoa jartzea debekatuta dagoela, baldin eta ez baduzu ordaintzen. Dirua izanez gero, Donostiako farola guztiak edo Kursaaleko fatxada erosi ditzakezu, eta propaganda politikoz bete. Baina, ez badaukazu dirudik, eta herri mugimendu guztiak bezala kartelak eta pankartak jartzen badituzu, ez. Beraz, badago ordenantza bat espresio politikoa debekatzen duena idatziz, eta gainera, zigortzea agintzen duena. Dinamika horiek guztiak herri mugimenduak itotzeko helburua dute. Donostian ehunka multa jarri dira oso gai ezberdinengatik, mugimendu sozial gehienek jaso ditugu. Guretzat eskandalu bat dena da multen fasetik hurrengo fasera pasatzea, delitu penalaren eta atentatuaren fasera pasatzea. Horren helburua garbia da, lan militante soziala eta politikoa ahalik eta gehien oztopatzea.
Elkarrizketa hau Argia-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker. Osorik irakurtzeko, egin klik hemen.