Hirian izandako azken sexu erasoa salatu du Donostiako Udalak
Ertzaintzak hogei urteko gizon bat atxilotu zuen asteazkenean Donostian, asteartean emakume bati sexu eraso bat egin izana leporatuta. Horren aurrean, Donostiako Udalak bere gaitzespen irmoa adierazi du, udal talde guztiek onartutako adierazpen instituzional honen bidez:
1.- Azken egunotan Donostian gertatu den sexu erasoaren ondoren, udalak bere gaitzespen sutsuena adierazi nahi du, bai eta biktimari eta haren inguruari elkartasuna adierazi ere. Horretarako, behar dituen informazioa eta udal baliabideak jarriko ditu haren osatze eta erreparazio prozesuan laguntzeko.
Ildo horretan, udalak, kasuaren berri izan eta ikuspegi osoagoa eta zehatzena izateko informazioa egiaztatu ondoren, udalaren Indarkeria Matxistari Erantzuteko Protokoloa aktibatu du, premiazko bilera bat deituz informazio guztia biltzeko eta erakundeen erantzuna eta biktimari eta haren inguruneari eman beharreko arreta koordinatzeko.
2.- Horrelako erasoak gure gizartean dagoen indarkeria matxistaren eta genero desberdintasunaren adierazpenak dira. Gertatutakoak agerian uzten du, beste behin ere, beharrezkoa dela eragile sozialekin, feministekin eta, oro har, herritarrekin batera lan egiten jarraitzea, gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde.
3.- Alde horretatik, udalak, bere eskumenen barruan, neurriak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, biktimek arreta azkarra, koordinatua eta eraginkorra jaso dezaten, eta, aldi berean, prebentzio jarduerak indartu daitezen eta erasotzaileen zigorgabetasuna onartu ez dadin.
Elkarretaratzea
Gertatutakoa salatzeko, udalak elkarretaratze bat antolatu du bihar, hilaren 24an, 12:00etan, Alderdi Ederreko lorategietan, eta herritar guztiak gonbidatu ditu deialdiarekin bat egitera. Era berean, udalak bat egiten du hirian egiten diren gaitzespen deialdiekin.