Komunikabideak eta buru osasuna izango dituzte hizpide Agifesek antolatu duen mahai inguruan
Komunikabideek osasun mentalari ematen dioten trataera aztertzeko mahai ingurua egingo du Agifesek urtarrilaren 27an, Donostian. Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien harira antolatutako topaketa Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoan egingo da 18:00etatik aurrera, eta 2024an saritutako kazetariak eta Agifeseko profesionalak bilduko ditu.
Mahai inguruan, hedabideek osasun mentalaren inguruan eraikitzen dituzten narratibak aztertuko dira, pertzepzio publikoan duten eragina eta estigma sozialari aurre egiteko duten papera nabarmenduz. Gainera, nahasmendu larrien irudikapenari buruz eztabaidatuko dute hizlariek, hala nola eskizofrenia, nahasmendu bipolarra edo depresioa; eta diagnostiko horien inguruan komunikabideek partekatzen dituzten edukiek gizartean nahiz diagnostikoa duten pertsonengan dituzten ondorioak aztergai izango dituzte.
Parte hartzaileak
Kazetarien sentsibilitatea eta profesionaltasuna saritzeko Agifesek urtero antolatzen dituen Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien azken edizioko irabazleek osatuko dute mahaia. Hitza hartuko dute Harri X. Fernandez Noticias de Gipuzkoa egunkariko kazetariak, Prentsa Idatziaren kategorian sarituak; Begoña Atin ETB1eko Biba Zuek! saioko ekoizle exekutiboak, Telebista kategorian sarituak; eta Mikel Yarza Euskadi Irratiko Baipasa saioko kazetariak, Irrati kategoriako saridunak.
Haien ondoan eseriko dira Agifeseko bi ordezkari. Mikel Merinok, Elkar Laguntzako Agente eta nahasmendu bipolarraren diagnostikoa duen pertsonak, bere ikuspegi profesional eta pertsonala partekatuko du, eta Maider Gorostidi psikologoak osasun mentala hedabideetan behar bezala tratatzeko erronkei eta egin beharreko aurrerapausoei buruz hausnartuko du.
“Topaketa honek eztabaida eraikitzailea sortzea du helburu, hedabideek osasun mentaleko gaiak jorratzean dituzten zailtasunak identifikatu ahal izateko. Era berean, komunikabideetan agertzeak diagnostikoa duten pertsonentzat dituen inplikazioak aztertuko dira, arriskuak eta onurak baloratuz”, azaldu du Agifesek.