24,7 milioi euroko inpaktu ekonomikoa sorrarazi du Gabonetako kanpainak
Donostiako Udalak antolatutako Gabonetako kanpainak 24,7 milioi euroko zuzeneko inpaktu ekonomikoa sorrarazi du, eta horietatik 24,3 milioi hiritarrek eta kanpainaren altzoan esplizituki mugitutako bisitariek egindako gastuarekin lotzen dira.
Abenduan, 2.128 kontratu egin ziren merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan (iaz baino %10 gehiago). Horrek 1.528 pertsonari enplegua eskaintzea ahalbidetu zuen, eta epealdi horretan hirian egindako kontratazioaren %30 suposatzen dute.
Azterlanaren arabera, inaugurazioan eta Drone Show jaialdian izandako asistentziaren %73 donostiarrak izan ziren, eta portzentajea %91ra hedatzen da Gipuzkoara zabalduz gero.
Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotziak, Ane Oiarbidek, nabarmendu duenez, “Donostiak, Gabonetako erosketetarako eta erreferentziazko kanpainari begira, hiri dinamikoaren izaera sendotzen du, ikuskizuna eta berrikuntza uztartzen dituen programazio bati esker. Gabonetako kanpainak merkataritza txikiaren eta ostalaritzaren urteko fakturazioaren %20 inguru suposatzen du. Sektore horietan lan egiten dute 17.000 donostiar baino gehiagok, eta kanpaina bultzada adierazgarria da eurentzat. Kanpaina honetan 1.529 pertsona kontratatu ziren, edo bestela esanda: epealdi honetan gure hirian sortutako lau enplegutik bat”.
Merkatuko puntu estrategikoetan ipinitako pasaera kontagailuen arabera, kanpainako 39 egunetan, 2.715.000 pasaera zenbatu ziren (egunean 69.600 pasaera) guztira. Horrek %21eko igoera dakar iazko kanpainarekin alderatuz.
Etorritako jende kopuruak gora egin badu ere, Ikertaldek egindako azterlanak, era berean, agerian utzi du diseinatutako programazioa eta animazioan donostiarrei begirako orientazioa sendotu egin dela: parte hartzaileen %77a, hots, lautik hiru, donostiarra da. Gainerako %23a hiritik kanpoko bisitariak dira; erdia baino gehiago (%12) gipuzkoarrak; Arabak eta Bizkaiak %2a batzen dute, estatuko bisitariek %5a, eta nazioarteko bisitariek %4a (horien artean % 84 frantziarrak). “Abenduko zubian izandako eguraldi txarra, azoka ixtea behartu zuena, eta asteburuetan izandako egun euritsuak, izango lirateke aurreko urteen aldean kanpotarrak diren bisitari kopuruan izandako jaitsieraren arrazoi nagusiak”, adierazi dute.
Gabonetako Azokari dagokionez, Urumea pasealekuan eta Ramon Labaien plazan ipinitako pasaera sentsoreetan, guztira, 675.000 pasaera zenbatu ziren. Ramon Labaien plazaren erakarpena berretsi egiten da, etorritako jende kopurua %47 areagotu delarik. Egun jendetsuenak abenduaren 21a eta 28a eta urtarrilaren 4a izan ziren.
“Onarpen gehien izan zuten jardueren artean, nabarmentzekoak dira, zalantzarik gabe, Alderdi Ederren azaroaren 29an egindako inaugurazio ekitaldian izandako errekorra, 31.900 pertsona batu baitziren, edo hilaren 30ean egin zen Nazioarteko Drone Show Jaialdiaren emanaldi bikoitza, 47.200 pertsona inguratu baitziren; guztira, bi egunetan, 79.100 pertsona batuz. Soilik bi jardunaldi horiek, 2.000.000 euro inguruko bultzada ekarri zuten. Bai jendetzagatik, bai inpaktuagatik, inaugurazioak edukietan eta ikuskizunetan jauzi kualitatiboa ematea lortu duela baieztatzen du, ikusleen onarpen handiarekin”, azaldu du Oiarbidek.
Egindako azterlaneko datuak bisitari, merkatari, ostalari eta azokako postuetako langileen artean egindako 1.760 elkarrizketei esker jaso dira, kanpainako zonalde desberdinetan egindako zenbaketekin eta merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreko eragile adierazgarriei egindako elkarrizketekin osatu direnak.