Arkitektoen elkargoak dio ez duela hizkuntz eskubiderik urratzeko asmorik HAPOa idazteko espedientearen helegitean
Elkargoak dioenez, hizkuntz eskakizunez gain, bestelako eskakizun tekniko gehiegizkoak daude, hala nola, azken hiru urteotan onartutako HAPO bat idatzi izana, 30.000 biztanletik gorako udalerri batean.
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) helegite berezia aurkeztu du, Donostiako hiri antolamenduko plan orokorra (HAPO) idazteko kontratazio espedientea arautzen duten agirien aurka. Helegiteak, besteak beste, hizkuntz eskakizunak aipatzen ditu: zehazki, dio C1 mailako euskara eskakizuna duten lanpostu guztiek ez dutela harremana izango herritarrekin eta, horregatik, gehiegizkoa dela jendaurrean arituko ez diren lanpostuei, lantalde koordinatzaileei hain justu, hizkuntz eskakizun hori egitea.
IRUTXULOKO HITZAk horren berri eman zuen asteazkenean, eta EHAEO hedabide honekin harremanetan jarri da, azaltzeko euren asmoa ez dela hizkuntz eskubiderik urratzea. Hain zuzen ere, nabarmendu dute helegitea jarri dutela hizkuntz eskakizunak ez ezik, bestelako eskakizun gehiegizkoak dituztela HAPOa idazteko kontratazio espedientea arautzen duten pleguek eta horiek guztiek galarazten dutela arkitektura enpresa asko lehiaketa publikora aurkeztea; nazioartekoak, besteak beste.
Izan ere, hizkuntz eskakizunei ez ezik, elkargoak beste eskakizun batzuei ere egin die erreferentzia bere helegitean, hala nola, honi: “Gaitasun teknikoa egiaztatzeko baldintza gisa, 30.000 biztanletik gorako udalerrietako HAPO edo arau subsidiarioak, azken hiru urteetan modu behin betikoan onartutakoak, izatea arautzen du”. Horrek, elkargoaren ustez, “lehia eta kontrataziorako sarbidea ixten ditu, eta neurrigabea da lortu nahi duen helburuarekiko. Hau da, klausulak bilatzen duen helburua enpresaburuaren kaudimena kontratazio organoak zehaztutako premietara egokitzea dela onartuta, haren formulazio zehatzak lehiaren distortsioa eragiten du, praktikan kaudimen tekniko zorrotzegia ez duen profesional orori mugatzen baitio”.
Horrela, hizkuntz eskakizunaren filtroaren aurretik, bi filtro aipatzen ditu elkargoak, bere ustez gehiegizkoak direnak: azken hiru urteotan behin betiko onarpena izan duen HAPO bat idatzi izana eta 30.000 biztanletik gorako udalerri batean idatzi izana HAPO hori. Horrela, elkargoak helegitean azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) soilik hamaika udalerri daude 30.000 biztanletik gorakoak, legeak 7.000 biztanletan jartzen du muga halako izapideentzat eta azken hiru urteotan, HAPO bakarra onartu da EAEn.
Eskakizun horiek gehiegizkoak direla deritzo elkargoak, eta horiei ematen die lehentasuna. Ondoren, hizkuntz eskakizunak, helegiteak dioenez, “lehia askeari egindako murrizketa are gehiago areagotzen du”. Horrela, elkargoak nabarmendu du jendaurrean arituko diren langileek euskara behar bezala hitz egitea eta ulertzea “ezinbestekoa” dela.
Horrekin guztiarekin, helegitean, Donostiako Udalari eskatu diote “pleguak aldatzeko, kaudimen tekniko eta/edo profesionaleko baldintzak murriztuz, kaudimen hori egiaztatzeko epea luzatuz eta biztanle kopurua murriztea zein behin-behinean onartutako lana aurkezteko aukera balioetsiz”. Era berean, “kautelazko neurri gisa”, kontratazio espedientearen prozedura “eteteko” eskatu du elkargoak. Hain zuzen ere, Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak udalari jakinarazi dio elkargoaren eskaera eta, hori dela eta, udalak erabaki du “atzera egitea Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazteko behar diren zerbitzuen kontratua xede duen kontratazio espedientea (2024/058 esp. zk.), Tokiko Gobernu Batzordeak 2024ko abenduaren 3an onartutakoa”, hilaren 16ko udalaren ohar ofizial batean azaltzen denez.