Garaipenaren bidea berrartzea helburu
Etxean jokatuko dute asteburuan Ibaeta Basketek, Realeko mutilek eta Txuri Urdineko mutilek eta neskek.
Urteko lehenengo partida galdu ostean, urte amaieran hartutako garaipenaren bidea berrartu nahi du Ibaeta Basketek asteburu honetan, ligako sailkapenean gora egin eta denboraldi kaskarrari buelta ematen hasteko. Horretarako, ordea, Kanaria Handiari irabazi beharko diote etxean larunbatean. Kanariarrak zortzigarren postuan daude eta donostiarrak hamahirugarrenean, beraz, ez da erraza izango garaipena eskuratzea; ziurra da, ordea, Azu Muguruzaren neskek dena emango dutela.
Futbolean, Realeko mutilek Getafe hartuko dute etxean igandean, joan den asteburuko porrota salbuespena izan zela erakutsi, eta Europako postuen lehian sendo jarraitzeko asmoarekin. Talde madrildarra ez litzateke aurkari bereziki zaila izan beharko txuri-urdinentzat, ligako hamaseigarren postuan baitago, jaitsiera postuetatik urrundu nahian.
Azkenik, izotz hockeyan, liga irabazteko kanporaketak hasi aurretik jokatu beharreko azken jardunaldia jokatuko dute larunbatean Txuri Urdineko neskek etxean, Milenio Panthersen aurka. Kanporaketetan parte hartzea ziurtatuta dute donostiarrek, ligako bigarrenak baitira, Majadahonda liderrarekin 27 puntura berdinduta. Milenio Panthers, aldiz, ligako azkena da, zero punturekin. Bestalde, Txuri Urdineko mutilek Huarte hartuko dute etxean larunbatean, ligako bosgarren sailkatua. Donostiarrak seigarrenak dira, aurkariarekin hamar puntura berdinduta, eta, beraz, mahai gainean kolpe ederra ematea litzateke neurketa irabaztea.
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Ibaeta Basket — Kanaria Handia (bihar, larunbata, 18:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 21. jardunaldia
- Reala — Getafe (etzi, igandea, 16:15)
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 14. jardunaldia
- Txuri Urdin – Milenio Panthers (bihar, larunbata, 20:30)
Gizonezkoen iberiar liga, 18. jardunaldia
- Txuri Urdin — Huarte (bihar, larunbata, 14:30)