Gordegia, bosturteko bat auzoaren memoria gordetzen
Bost urte bete ditu Gordegia Egiako artxibategi grafikoak eta badute zer ospatu. Auzoko milaka argazki eta bideo dituzte webgunean auzotarren eskura eta ez dute gelditzeko asmorik: «Auzo nortasuna sortzen du honek».
Duela bost urte jaio zen Gordegia Egia auzoko artxibategi grafikoa, 2019an. «Gure asmoa ez da gordegi soil bat egitea, gure helburua da argazki bakoitza ondo dokumentatzea, dagokion deskripzioarekin, urtearekin, egilearekin, eta abarrekin», zioen orduan Karlos Trenor kideak. Hain zuzen ere, horretan aritu dira urteotan, lan militante nekaezinean: «7.000 bat argazki edukiko ditugu webgunean argitaratuta, baina itxaron zerrendan ere asko eta asko ditugu. Azken finean, argazkiak dokumentatu behar dira, testuinguruan kokatu eta abar. Bestela, ez dauka baliorik», nabarmendu du Trenorrek.
Sei kide aritzen dira Gordegia elikatzen, baina, hasieratik, argi izan dute auzotarren laguntzarekin osatu behar zela Gordegia: «Bereziki lehenengo bi urteetan, auzotarren ekarpen asko eta asko jaso genituen, eta jasotzen jarraitzen dugu», azaldu du Trenorrek. Era berean, nabarmendu dute urteotan «ezinbestekoa» izan dela Teila Fabrikaren laguntza: «Espazioa eskaini digu, baliabide teknikoak, eta abar».
Hain zuzen ere, argazki gehien eman dizkieten auzotarrekin ospatu zuten urteurrena, abenduan: «Artxibategia nola osatu dugun irudikatzeko, zazpi edo zortzi argazki emaile aukeratu genituen eta bakoitzak azaldu zuen zergatik eman dizkigun argazkiak, zein argazki eman dizkigun, argazkien inguruan hitz egin zuten…», kontatu du Trenorrek. Era berean, auzoko argazki zaharren erakusketa inauguratu zuten ekitaldi hartan kultur etxean: «Garberan ikusgai eduki genuen erakusketa kultur etxean dago orain. Izan ere, txukun eginda daude euskarriak, eta merezi du auzoan ikusgai egotea, gordeta eduki beharrean», nabarmendu du Juanpe Urrusolo kideak.
Argazki gehien eman dizkieten auzotarrekin ospatu zuten urteurrena. Eta erakusketa jarri dute ikusgai kultur etxean
Lan handia eta proiektu asko
Auzotarren ekarpenak jaso, behar bezala dokumentatu eta webgunean eskuragarri jartzeaz gain, artxibo ofizialak arakatzea ere bada Gordegiakoen lanaren parte: «Kutxatekatik, San Telmo museotik, Nafarroako artxibategitik eta bestelakoetatik material asko lortu dugu», nabarmendu du Urrusolok.
Ordea, halakoetan, argazki gehienak Erdialdekoak direla deitoratu dute kideek, nahiz eta tarteka Egiako argazki historikoak aurkitzen dituzten: «Badaude argazki historiko asko, Donostiatik eginda, zeintzuetan atzean Egia ikusten den; erabat hutsik, noski. Tren geltokikoak ere badaude, Atotxako futbol zelaikoak, ekitaldi ofizialenak, ospitale militarrekoak…», azaldu du Fernando Olalde Patas kideak. «Auzo langile bat izan da Egia, eta garai hartan, jendeak ez zuen kamerarik eta ez zitzaion okurritzen baserriei edo auzoko bestelako gauzei argazkiak egitea», gaineratu du Urrusolok.
Artxibo lana egitea ez da izan, hala ere, Gordegiakoen lan bakarra urteotan, hainbat proiektu garatu baitituzte: Txurrutala liburua argitaratu zuen Urrusolok 2021ean, erakusketak antolatu dituzte auzoko zenbait egitasmo eta txokotan, ibilaldi gidatuak egin dituzte eta Egiako hezkuntza zentroekin elkarlanean aritu dira, Trenorrek azaldu duenez: «Aitor Ikastolarekin eta Maria Reinarekin unitate didaktiko bat osatu genuen, auzoan ikasten duten haurrek ikus dezaten nolakoa zen auzoa eta nolakoa den orain».
Lan hori guztia auzoarentzat egin dute, eta, iaz, aitortza garrantzitsua jaso zuten, Argia aldizkariak Interneteko Argia Saria eman baitzion Gordegiari, memoria historikoa herri langilearen ikuspegitik lantzeagatik eta eduki guztia herritarrentzat eskuragarri jartzeagatik. «Oraindik harrituta gaude gurearen moduko egitasmo batera heldu izanarekin. Uste dugu lan txukuna egiten dugula, baina Euskal Herri mailan proiektu txikia da gurea. Oso eskertuta gaude; hunkigarria izan zen», nabarmendu du Urrusolok.
Auzo jakin batetik eta auzo horri begira sortzen eta garatzen diren egitasmoek ekarpen handia egiten diote auzo horri
«Auzo nortasuna»
Gordegiaren moduko egitasmoek, auzo jakin batetik eta auzo horri begira sortzen eta garatzen direnek, ekarpen handia egiten diote auzo horri, kideek nabarmendu dutenez: «Koherentzia soziala sustatzen dute halakoek, jendeari asko gustatzen zaiolako argazki bat ikusi eta horren inguruan oroitzapenak partekatzea, hausnartzea, eta abar. Oso erraza da argazki baten harira jendea elkartzea», adierazi du Patasek.
Ildo beretik, Urrusolok dio Gordegian egindako lanarekin konturatu direla jendeak, orokorrean, «oso gutxi» dakiela bere auzoari buruz: «Denok dakigu Donostia erre zutela eta hau eta beste, baina ez dakigu ezer gure auzoari buruz». Hori dela eta, Gordegiaren moduko egitasmoak garrantzitsuak direla deritzo Trenorrek: «Auzo nortasuna sustatzen du honek guztiak. Asko esaten da auzoan Egia aldatzen ari dela, nortasuna galtzen ari dela… Baina, auzoaren historia ezagutaraziz, aldarrikatzen dugu Egia auzo bizi bat dela eta auzo izaera duela». Horrela, auzo nortasun hori sustatzen jarraituko du Gordegiak.